Mundua -
Eraso handia
Errusiako hacker batek AEBetako bankuen aurkako erasoa prestatu du
Mehatxuari FBIk muzin egin badio ere, 'VorVzakone' 100 pirata informatiko hautatzen ari da AEBetako banku-sistemaren aurkako eraso handia gauzatzeko.
Erredakzioa
'VorVzakone' izengoitiz ezaguna den Errusiako hackerrak Interneten bidez jakinarazi duenez, AEBetako bankuen aurkako eraso informatiko handia ari da prestatzen, RT Noticias webguneak zabaldu duenez.
Erasoari 'Blitzkrieg Proiektua' izena jarri dio eta bertan parte hartzeko 100 pirata informatiko ari da lehiaketa baten bitartez hautatzen.
Hala ere, mehatxuari muzin egin dio FBIk. AEBetako komunikabideek, berriz, hackerraren asmoa jaso dute. Esaterako, 'The Washington Times' kazetak "Errusiako gangsterrek dituen asmo maltzurrei" buruzko artikulua argitaratu du.
'VorVzakone'k berak esan duenez, Interneten bidez 5 milioi dolar lapurtu ditu dagoeneko. "Atzerrian bizi diren Interneteko kriminalek erakusten duten ausardia agerian jartzen du bideo honek", deitoratu du 'The Washington Times'ek.