Mundua -

Gurasoen onespenik gabe

Tratamendu antikontzeptiboak britainiar eskoletan, gurasoek jakin gabe

Egunkari britainiarrek argitaratu dutenaren arabera, gurasoen onespenik gabe, 13 eta 16 urte bitarteko gazteei eskoletan tratamendu antikontzeptiboak eman dizkiete.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

13 eta 16 urte bitarteko gazteei tratamendu antikontzeptiboak eman dizkiete eskoletan, gurasoen onespenik gabe "The Daily Telegraph" egunkariak argitaratu duenaren arabera.

Azken bi urteetan, eskoletako eta bigarren hezkuntzako institutuetako erizainek 900 gazte ingururi eman diete tratamendua. Horretarako, bazkalorduko atsedena aprobetxatzen zutela diote egunkarian.

Hala ere, baliteke kopurua handiagoa izatea, zentro askok ez baitituzte datuak eman, isilpeko informazioa dela argudiatuta. Arau horien arabera, erizainek ez dute gurasoen onespenik behar.

Injekzioak gazteen besoetan jartzen zituzten eta hiru hilabeteko eraginkortasuna dute. Tratamendu osoak, ordea, hiru urtez haurdun gelditzea eragozten du. Tratamenduak Bristol eta Peterborough hirietan, Durham, Mendebaldeko Midlands eta Berkshire konderrietan eta Northumbria erregioan eman dira. Bristolen bakarrik 430 eman direla dio egunkariak, horietatik hemeretzi, 13 urteko neskatoei.

Erresuma Batuan, gazteen arteko haurdunaldi maila 1969. urtekora jaitsi den arren, Frantziaren eta Alemaniaren bikoitza da eta Herbehereetakoaren boskoitza.

Dan Poulter Osasun idazkari britainiarraren hitzetan, tratamendu horiek legezkoak dira 16 urtetik beherakoen artean, baina betiere "profesionalek gurasoekin hitz egitera animatu behar dituzte gazteak", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea