Mundua -

'Sandy'ren ostean

Bilbotar bat New Yorken: 'Hiria geldiarazita dago'

New Yorken duela urte askotik bizi den Eder Montero bilbotarrak hiriko bizitzaren berri eman du, ‘Sandy’ urakana bertatik pasatu ostean.

'Sandy' urakanak ondorio latzak eragin ditu AEBetan. EITB
'Sandy' urakanak ondorio latzak eragin ditu AEBetan.
Kaosa da nagusi AEBetan Sandyk eragin dituen kalteak izugarriak direlako

03:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eder Montero aspalditik New Yorken bizi den bilbotarrak (Manhattanen du etxebizitza) EITBri lehenengo pertsonan hiriak eta hiritarrek bizi duten egoera zailaren berri eman dio, ‘Sandy’ urakana bertan izan ostean.

Eder hiru jatetxeren jabea da, besteak beste, Txikito euskal sukaldaritzarena, eta bere etxean sartuta dago uneotan emaztearekin eta bi seme-alabekin batera, ‘Sandy’ren ondorio ikaragarriek zalantzatik eta jarduera ezetik irteteko aukera ematearen esperoan. Ondorengo eran kontatu dizkigu New Yorkeko azken egun hauei buruzko bizipenak eta pentsamenduak:

"Gaueko 20:00ak dira: isiltasuna ikaragarria da eta iluntasun osoa da nagusi, kondairaren arabera, inoiz lo egiten ez duen hirian. Milioika pertsona gaude zer egin jakin gabe, milioika pertsona ezer ez egiteko obligazioa jarri zaiena lehen aldiz (Kariben merezitako opor horiez aparte).

Produzitzeko eta era neurrigabean kontsumitzeko programatutako hiria gara. Lana egiten ez zaudenean irabazitakoa kontsumitzen ari zara, afaltzera, zinera, antzokira edo beste hainbat lekutara joanez, baina mugimenduan beti. Eta orain, linterna bat, irrati bat pilekin edo ur pixka bat erosteko denbora eduki izan ez bazenu, edota buru-argitasuna, izorratuta zaude.

Nueva York erabat geldiarazita dago, ez da elektrizitaterik eta garraio publiko guztia (hirian ezinbestekoa da) ez dabil. Goizean buelta bat eman dut autoan (Txikitoraino) eta denda bat bera ere ez zegoen irekita, semaforoak itzalita zeuden eta turista batzuk bakarrik ikus zitezkeen gertaeraren inguruko informazioa bilduz.

Oraingoz jendea lasai dago, igande arratsaldetik euren etxean sartuta egon arren, garraiorik gabe. Urik ere ez dutenak ere badira, etxebizitza batzuetako ur-bonbak elektrikoak direlako; sotoak urpean dituztenak ere badaude. Geuk duela gutxi amaitu dugu hozkailua husten, eta izoztuta dagoena bakarrik geratzen zaigu.

Bihar egoerak hobera egitea espero dut, pazientzia New Yorkeko herritarren bertute bat ez delako inoiz izan, eta gauzek okerrera egin dezaketelako. Kasu hauetan ohartzen zara zein ahulak bihurtu garen, hainbeste aipatzen ditugun erosotasunekin eta aurrerapenekin; eta zenbat behar duzun elektrizitatea (POWER ingelesez!)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea