Mundua -
Egipton
Tauadros gotzaina aita santu kopto aukeratu du haur batek
Tauadros 60 urteko botikaria da. Bere ustez, koptoen eliza indartzeko modurik onena erlijioaren irakaskuntza eta erlijio-irakasleen trebakuntza bultzatzea da.
Erredakzioa
Tauadros gotzaina Egiptoko eliza koptoko gotzain izendatu dute. Ekitaldiko momentu gorenean haur bat izan da protagonista, irabazlea hiru hautagaien artean zoriz aukeratu duenean.
Abasiyako katedralean egindako lau orduko mezan, bildutakoek arnasari eutsi diote Bishoy Girguis haurra kristalezko hautestontzira begiak eztalita hurbildu denean.
Hautestontziaren barruan hiru paper zeuden Shenuda IIIak utzitako lekua hartzeko. Bishoy 12 adingaberen artean aukeratu dute eta bere eskua Tauadrosen papertxoaren gainean jarri du.
Gauzak horrela, Koptoen elizako 118. patriarka da, haurraren eskua, ustez, Jainkoaren Probidentziak gidatzen duelako.
Botikaria
Tauadros gotzaina, 60 urtekoa, botikaria da, eta elizarentzako botikarik onena erlijioaren irakaskuntza eta erlijio-irakasleen trebakuntza bultzatzea dela uste du.
Aita santi berria 1952ko azaroaren 4an jaio zen, Damanhur-en, Egiptoko iparraldean, Wagih Baqui Suleiman izenarekin. Monastegian sartu eta Tauadros izena hartu zuen. Orain Tauadros II aita santua izango da, 45. patriarkak Tauadros I izena zuelako.
"Umila eta ikasia"
Aita santu berria ondo ezagutzen dutenen arabera, Tauadros entzule ona da eta erabaki zuzenak hartzen ditu. Ondorioz, hainbat alduz bidali dute atzerrira arazoak konpontzera.
"Pertsona umila eta ikasia da, arazo handiei zein txikiei garrantzia ematen diena. Gainera, haurren hezkuntzak asko kezkatzen du; haurrek heziketa intelektuala, espirituala eta psikologikoa izan dezaten nahi du", esan du Sedrak izeneko apaizak.