Mundua -
Indarkeriak gora
Su-etenaren inguruko zalantzak nagusi, Gazan
Sirena antiaereoak jo du berriro Jerusalemen, Israelen erasoa hasi zenetik bigarrenez. Sirenak jo eta segituan leherketa bat entzun da hiriko ekialdean.
Erredakzioa
EzzatRishq Palestinako mugimenduaren bulegoko politikoko kideak ukatu egin du israeldarren eta palestinarren artean su-etenerako iragarpen baten akordioa izatea, Gazan, eta gauerdian ez izatea litekeena dela nabarmendu du.
“Orain arte ez da akordio batera iritsi, eta, beharbada datozen orduetan ezin da hori lortu. Aukera guztiak irekita daude, eta geure herria eta erresistentzia aukera guztietarako prest gaude”, nabarmendu du Rishqek. Su-etena lortzen bada, Egiptoko Presidentetzak emango duela horren berri azaldu du.
Twitterreko bere kontuan, Rishqek balizko su-etenaren iguruko aurreikuspenak errefusatu ditu, eta ardurarik gabe egin direla azpimarratu du.
Kontraesanak nagusi
Dagoeneko 126 hildako eta ia 1.000 zauritu utzi duen gatazkak zalantza ugari piztu ditu azken orduetan, Gazan ezarri daitekeen balizko su-etenaren harira.
Hamasen mugimendu islamiarrak eta Jihad Islamikoak gauerdian su-etena iragarriko dute, Israelekin duten etsaitasunaren harira, bigarren taldeak bere webgunean (iragarpen ofizialak bertan egiten ditu) azaldu duenez.
“Jihad islamiarraren eta Hamasen mugimenduaren buruek, baita Egiptoko bitartekariek ere, prentsaurrekoa emango dute gaur, gauean, Israelekin su-etena iragartzeko”, nabarmendu du.
Mark Regev Israelgo Gobernuaren bozeramaileak CNN kateari esan dionez, oraindik Palestinako talde armatuarekin ez dira su-etena iragartzeko akordiora iritsi, Hamasen esan bezala.
Regeven arabera, “pilotak jokuan darrai”. “Ez gara ezertara iritsi", gaineratu du Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bozeramaileak.
Egipto, bitartekaritza lanetan
Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak Gazaren aurkako Israelen erasoaldia gaur amaituko dela berretsi du eta su-etena ezartzeko Egiptoko bitartekariek egiten ari diren lanek datozen orduetan emaitza positiboak emango dituztela gaineratu du.
Atzo hil zen ahizparen hiletan egon ostean, Mursik Israelgo erasoaldia gaur amaituko dela adierazi du Mena estatuko agentzia albisteak berretsi duenez.
Hala ere, Egiptoko zerbitzu sekretuetako iturri batek Efe agentziari esan dionaren arabera, balizko su-etenaren inguruan zalantza handiak daude, eta bezperan akordio batera iristeko 72 orduko epea jarri zutela ekarri du gogora.Egiptoko inteligentzia zerbitzuak Israelen eta Hamasen artean bitartekari lanak egiten ari dira aipatutako su-etena lortzeko asmoz, aurrekotan egin izan duten bezalaxe.
"Defentsa Zutabea" izeneko erasoaldiaren zazpigarren egunean, Gazaren aurkako bonbardaketa gehiago egon dira, eta asteazkenetik, ehun palestinar baino gehiago hil eta mila inguru zauritu dira.
Sirenak jo du berriro Jerusalemen
Sirena antiaereoak jo du berriro Jerusalemen, Israelen erasoa hasi zenetik bigarrenez. Sirenak jo eta segituan leherketa bat entzun da hiriko ekialdean.
Israelgo irratiak eta Canal 10 telebista kateak adierazi dutenez, jaurtigaia lur palestinarretan erori da.
Ban Ki-moonek su-etena eskatu du herrialdea arriskuan ez jartzeko
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Israeli eta Hamasen mugimendu islamiarrari “berehalako” su-etena eskatu die, eta indarkeria igotzeak herrialdea arriskuan jartzen duela nabarmendu du.
“Indarkeriak gora egitea arriskutsua izango da israeldarrentzat eta palestinarrentzat, eta herrialdea arriskuan jarriko du”, azaldu du, Jerusalenen emandako konferentzian. Alde guztiei euren operazio militarrak bertan behera uztea eskatu die.
Ban duela bederatzi hilabete izan zen Israelen, eta bakeari eta bi estatuen irtenbideari buruz hitz egitera ez iritsi izana deitoratu du.
“Odol jario berri honek ez du seguruagoa egingo israeldarren bizitza, eta palestinarrena ere”, azpimarratu du, eta “ez ditugu indarrak aurreztuko indarkeriari amaiera jartzeko”, gaineratu du.
Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du Gazako zerrendaren gatazkari irtenbide baketsua emateko konpromisoa hartu duela, Ban Ki-moonekin Jerusalemen egin duen bileraren ostean.