Mundua -
Genero indarkeria
Afganistanen emakumeak hiltzen dituztenak hil egingo dituzte
Rahmatula Nazari herrialdeko fiskal nagusiaren ondokoaren arabera, genero indarkeria kasuak asko ugaritzen ari dira Afganistanen, eta, horregatik, neurri gogorragoak ezarriko dituzte hiltzaileentzat.
Erredakzioa
Emakumeak hiltzeagatik zigortutako pertsona guztiak hil egingo dituzte Afganistanen, Rahmatula Nazari herrialdeko fiskal nagusiaren ondokoaren esanetan.
14 urteko neskato bati lepoa moztea egotzita bi gizon atxilotu ondoren etorri da erabakia. Ustez, haurrak uko egin zion atxilotuetako batekin ezkontzeari.
“Alabarekin ezkontzen uzteko eskatu zion atxilotuetako batek familiari. Ezezkoa jaso zuen, eta hil egin dute”, adierazi du Poliziak.
Hildako neskatoaren aitak aitortu duenez, ez zuen nahi alaba gizon horrekin ezkontzerik, “emaztegai izateko gazteegia zelako”. Bertako iturri ofizialen arabera, atxilotuetako bat hildakoaren lehengusua da. Bestalde, ez dute argitu bigarren atxilotua ere neskatoaren ahaidea den ala ez.
Nazariren hitzetan, genero indarkeria kasuak asko ugaritzen ari dira Afganistanen, eta, horregatik, hiltzaileen kontrako neurriak gogortu egingo dituzte. “Kabulen soilik, 1.320 kasu aztertzen ari dira epaileak. Horietako batzuk gainera, Auzitegi Nagusira bidali dituzte”, azaldu du.
“Legeak hiltzaileak hiltzea babesten du, hilketa kasuetan”, adierazi du fiskal nagusiaren ondokoak.