Mundua -
Jazoera
Gutxienez 9 hildako Japonian, autobideko tunel bat erori ostean
Sasagoko autobide baten tunelaren sabaiko zati bat hondatu da eta hainbat ibilgailu bertan harrapatu ditu. Gutxienez, zazpi lagun desagertuta daude.
Erredakzioa
Gutxienez bederatzi lagun hil dira gaur Japoniako ekialdean autobide bateko tunel baten sabaiaren parte bat lurrera erori ostean. Istripuak hainbat ibilgailu harrapatu ditu eta laster kontrolatu duten sute bat piztu du, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.
Ezbeharra Sasagon jazo da, Tokiotik 80 kilometrotara. Autobidearen 50-60 metro tarte bat hondatu da igande honetako lehen orduetan, oraindik nola ez dakitela.
Poliziaren arabera, gutxienez zazpi lagun desagertuta daude. Dagoeneko aurkitu dituzten gorpuak ibilgailu barruan harrapatutakoenak dira, Kyodo albiste-agentziak jakinarazi duenez. NHK kateak zabaldu duenez, tunelaren barnean kea dago eta suhiltzaile-ibilgailu eta anbulantzia ugari dago bertan.
Bertan 13:00ak aldera zirela, erreskatatze lanak bertan behera utzi behar izan dituzte, erorketa gehiago egoteko arriskua dela eta, baina azkenean lanei ekin diete berriro. Sasagako tunela Chuoko autobidean dago, Japoniako ekialdean, Tokio eta artxipelagoko erdialdea eta mendebaldea lotzen ditu.