Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Jerusalem

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Astelehenean "Jerusalemen eguna" izan da. Israeldarrentzat festa eguna, garaipenak gogoratu eta ospatzeko; Palestinarrentzat umiliazioa dakarren oroimena.

Aste honetan, astelehenean "Jerusalemen eguna" izan da. Israeldarrentzat festa eguna, garaipenak gogoratu eta ospatzeko; Palestinarrentzat umiliazioa dakarren oroimena. Hiri santuaren izena daraman datak, 1967an, "6 Eguneko Gerra" deitutakoan, Israelek lortu zuen garaipen handia gogoratzen dute. Egipto, Siria, Irak, Jordania eta palestinarren kontrako borroka izan zen, eta egun gutxitan armada arabiarrak menderatu eta Israelek Sinaiko penintsula, Golango Gainak eta Lur Palestinar guztiak, Jerusalemgo Ekialdea barne, bereganatu zituen. Orain urtero-urtero israeldarrek gogoratzen diete palestinarrei zeinek agintzen duen garai batean beraienak ziren lurretan, hauek egiaztatzen dute aldiz atzerritarrak direla euren herrian.

Aurten, sarri ohi den moduan, odoletan joan da egun hau, eta mundua berriro ohartu da Ekialde Hurbilean ezagutu dugun gatazka luzeenetarikoak bizirik dirauela. Politikak, ekonomiak, irizpide kontrajarriak, nagusitasuna eta menpekotasuna… Gatazkek ohi duten ezaugarri guztiak ditu Jerusalemgoak, baina jatorrian, mendebaldeko pentsamoldea eta bestearekiko jarrera aldatu zuen eragilea azaltzen zaigu.

Jerusalem hiria sakratua da liburuaren erlijioak deitutakoentzat, juduak, musulmanak eta kristauak. Europaren, eta mendebaldearen kultura eta bizitzari buruzko ikuspegiaren oinarriak finkatu zituzten herrietan, Erroman eta Grezian erlijioak jainko askotakoak ziren. Beste herri batzuk menperatzen zituztenean, ez zizkieten euren jainkoak eta ohiturak ezartzen, alderantziz, menderatutako herrienak bereganatzen zituzten, jainko berriak inongo eragozpenik gabe onartzen zituzten beraien panteoian. Baina halako batean Inperio Erromatarrak erlijio kristaua bere egin zuen, Teodosio enperadoreak argitaratutako dekretuaren bidez. Gero, Arabiako basamortuan sortutako erlijioak Afrikako iparraldea eta Europako hegoaldea bereganatu zituen. Juduek, Israeldik bota bazituzten ere, iritsi ziren leku guztietara eraman zuten egi bakartzat zuten beraiena.

Eta hiru erlijio hauek ezaugarri nagusi berdinak dituzte:jainko bakarra dago eta gurea da, besteena iruzurra da eta irain egiten dio gureari, eta Jesukristoren baieztapen nagusia bereganatu zuten hirurek: "Nirekin ez dagoena, nire aurka dago". Ziur aski esaldi honetan laburbildu litezke azken 1.400 urtetan erlijio hauen arteko harremanetan ezaugarri nagusiak izan direnak. Jaso dugun hitza izaki handienaren ahotik iritsi zaigu, eztabaidaezina eta ukaezina da, aurka dagoena edo betetzen ez duena etsaia da, eta ondorioz, heriotza merezi du. Kristautasuna zertxobait baretu da azken urtetan, baina mendetan zehar izugarriak egin ditu benetako jainko bakar horren izenean. Besteak ez zaizkie atzean geratu boterea eta eragina handitu duten heinean, azken urtetan korapilatuta azaltzen zaizkigu Eki Aldeko lur zaharretan, Jainkoa, erlijioa, egia eta arrazoia egi bakarra bailiran.