Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Israelgo liskar sektarioenen jatorria

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Orain arte, baina, ez dira ezagutu Israelgo herritar juduen eta palestinarren arteko liskarrak; ez behintzat orain gertatzen ari diren mailakoak.

Albisteak (1)

Israelgo Armadaren eta palestinarren taldeen arteko borrokak krisi honetan ez dira berriak. Orain arte, baina, ez dira ezagutu Israelgo herritar juduen eta palestinarren arteko liskarrak; ez behintzat orain gertatzen ari diren mailakoak. Israelgo Estatua sortu zenetik ez dira ikusi komunitate bateko kideak beste komunitateko herritar, ikur eta ondasunei erasotzen. Joan den egunetan hasitako indarkeria juduak eta palestinarrak bizi diren herri gehienetara zabaldu da. Komunikabide batzuetan liskar horiek simetrikotzat jo dituzte, bi komunitateek indar berdintsua izango balute bezala, baina ez da hori errealitatea.

Zergatik jo du orain komunitate batek bestearen aurka Israelen, orain arte auzia Lurralde Okupatuetara mugatu bada?

Israelgo palestinarrak Jerusalemen manifestatu direnean, diskriminazio politiko, sozial eta ekonomikoaren aurka protestatu dute. Urte hauetan, palestinarren estatus politikoa gainbehera joan da. Azken hamarkadan, Israelek palestinarren eskubideak murriztuz joan diren legeak onartu ditu. Azken erasoa 2018ko "Estatu Nazioaren legea! izan da. Horrek juduen estatusa maila gorenera igo du. Arabiarren aurkako diskurtsoak probokazioaren muga guztiak hautsi ditu. Israelek palestinarrei etxebizitza berriak eraikitzen eragozten die aspalditik. Palestinar herrietan ez dago eraikitzeko plangintzarik, eta palestinarrek, halabeharrez, etxeak baimenik gabe eraikitzen dituztenean, agintariek suntsitzea erabakitzen dute ia beti. 2012 eta 2014 bitartean, etxeak ezabatzeko aginduen % 97 arabiar herrietan izan ziren. Herri osoak suntsitu zituzten. Gainera, 2017ko lege batek gogortu egin ditu "legez kanpo" eraikitzeagatik ezartzen dituzten zigorrak.

Lurralde Okupatuetako politika Israelera zabaldu dute. Jerusalem Ekialdean familia palestinarrak etxetik bota zituztenean, elkartasun mugimendua Israel osora zabaldu zen. Judu talde batek Lod herrian arabiar bat hil zuenean, manifestariek sinagoga, antzoki eta jatetxe juduen aurkako erasoak egin zituzten, ordura arte elkarbizitza arloan eredugarri izan den Akre hirian.

Juduek, ostera, oso bestelako errealitate bat dute. Juduak maila gorenean daude gizarte, politika eta ekonomiaren hierarkian. Talde armatuek jazarpen ekintzak egiten dituzte, "arabiarrak hil" oihukatuz. Botere handia dute, eta gehiago nahi dute. Botere Judua alderdiak ordezkatzen ditu. Poliziak nahi dutena egiten uzten die liskarrak sortzen dituztenean, Lod herriko istiluetan ikusi berri den moduan.

Horren azpian joera bat nagusitzen ari da. Israelgo eskuin muturreko alderdiek botere gero eta handiagoa eskatzen dute juduentzat. Zilegitasuna eman diote arabiarren, ezkertiarren, etorkinen eta komunikabideen aurkako amorruari. Israelgo Estatuaren legeen eta auzitegien zilegitasunaren aurkako kanpainak zuzendu dituzte. Muturreko judu horietako batek honakoa zioen sare sozialetan: "Estatuaren legeak ez zaizkit interesatzen. Nik Torah legea besterik ez dut, 2000 urte baino gehiago dituena".

Eta horren aurrean, nazioarteak "bakea" eta "elkarrizketa" eskatu besterik ez du egiten, eskari horrek batere indarrik izan ez arren, eta Nazio Batuen Erakundea pasibotasun hori gainditu ezinik dago.