Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Gezurren egia

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Israeldar eta palestinarren arteko gatazkaren azken leherketa honetan sare sozialen erabilera inoiz baino handiagoa izan omen da.

Albisteak (1)

Israelgo armadak Gazaren aurka burutu berri duen erasoan, Erakundeko bozeramaileak gezurra esan zien komunikabideei. Armadaren gorabeheren berri ematen duen militar buruak, nazioarteko komunikabideak erabili zituen palestinarrei mezu okerra igorri eta soldadu israeldarrek nahi zuten erantzuna eragiteko. Ondoren eledunak barkamena eskatu zuen, "bere borondatearen kontrako" okerra egiteagatik.

Israeldar eta palestinarren arteko gatazkaren azken leherketa honetan sare sozialen erabilera inoiz baino handiagoa izan omen da. Bi aldeak baliatu dira tresna honetaz albisteak zabaldu, informazio trukatu eta jarrerak eta borondateak elkartzeko. Israelgo zerbitzu sekretuek ez dute eragozpenik izan, Israeldik kanpo gertatutakoak, bertakoak balira legez erakusteko, gazte arabiarrek egindako erasoak esate baterako, israeldarren artean amorrua eta gorrotoa zabaldu eta beraien erantzunari zilegitasuna emateko. Gazte palestinarrek erabilitako sareetan antzerakoak ikusi ahal izan ditugu, lekuz eta denboraz kanpoko irudiak gaur egungoak bailiran. 

Lur Palestinarrak eta Israelgo kaleak berriro odoletan jarri dituen txinparta zerk sortu zuen finkatzerakoan beste horrenbeste gertatzen da. Israelek dio Hamas erakunde palestinarra dela errudun bakarra. Ameriketako Estatu Batuetan, beti aliatuak izan dituzten Alderdi Demokratatik gogoratu behar izan diete elkartasunak ez duela gezurrak onartzea derrigortzen. Egun hauetan, bi herri hauen arteko arazo konponezin hau komunikabideetan azaltzen zaigun gehienetan bezalaxe, historian atzera egin dute batzuek eta besteek.

Arabiarrek diote juduek ez zutela inongo eskubiderik Israelen estatu hori sortzeko, 2.000 urte pasa direlako bertatik bota zituztela, eta historian zehar ugari direlako euren sorterritik edo bizi ziren lurretik botatako herriak, baina ezta bakar batek ere ez duela itzultzeko eskubidea lortu. Israeldarrek diote aldiz hura dela beraien lurra eta hara itzultzea zegokiela. Europak, historia ezabatu eta Bigarren Mundu Gerrak astindutako mamuez lotsatuta, nahiago du eztabaidan ez sartzea. Ameriketako Estatu Batuek azken mendean ez dute beharrik izan egindakoa arrazoitzeko, euren borondatea eta interesak nahikoa dira.

Egia esandakoa eta gertatutakoa bat etortzea omen da. Gezurra, aldiz, egiaren kontrako adierazpena ei da, jakin, pentsatu edo sinisten dugunaren aurkakoa. Agian beti antzekoak gertatu dira, baina gaur egun bata eta bestea bereizten ditugu ez esanahiagatik, dituzten ondorioengatik baizik. Eta gezurrak askoz eraginkorragoak dira.