Bake prozesua -
Bilera sorta
Ortuzar: 'Gizartea alderdiak baino aurreratuagoa egon da prozesuan'
Gainera, EBBko presidenteak ez du "gobernatzeko moduko bloke itxirik ikusi", baina euskal erakundeetan egonkortasuna mantentzearen alde egin du.
Erredakzioa
“Gizartea alderdi politikoak baino askoz aurreratuagoa egon da bake prozesuan” azken hiru urteetan, Andoni Ortuzar EAJko presidentearen iritziz. Gaur, hiru urte bete dira ETAk jarduera armatua utzi egingo zuela iragarri zuenetik.
Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilera egin ondoren, Ortuzarrek esan du alderdi politikoek “pausoak ematen” jarraitu behar dutela, gatazkari konponbidea eman ahal izateko. ETAri ere zuzendu zaio, desarmea “ahalik eta lasterren” egiteko eskatuz.
“Desarmearen gaiarekin” ez jolasteko eta “eurei ondo datorkienean” ez egitea eskatu die. “Lehenbailehen izan behar da, hobe gaur bihar baino; armak utziko dituela esan zuen erakunde batek, zer egiten du oraindik armak gainean dituela?”, galdetu du.
Rajoyren Exekutiboari “ausardia eta demokrazia” eskatu dio, ETAren ondorengo “Euskadin dauzkagun erronkei heldu ahal izateko”.
“ETAk armak utzi bezain laster aro berri bat irekitzea posible izango zela askotan esan digute baina, Mirandatik behera botoak galtzeko beldurragatik edo, aurrerapauso gehiago ez dute eman”.
Gobernu akordioak
Bestalde, Oturzarrek ziurtatu duenez, “tartea dago mota eta helburu ezberdinetako akordioak” egiteko eta euskal erakundeetan aurrekontuen inguruan egonkortasuna lortzearen alde egin du, ez bakarrik EAJk gidatzen dituen erakundeetan, baina ez du “gobernatzeko moduko bloke itxirik ikusi”.
Ortuzarrek EAJren “elkarrizketarako borondatea” azaldu du, erakundeetan egonkortasuna eta 2015 aurrekontuak onartzea lortze aldera; gainera, “printzipioen adierazpenetatik ekintzetara pasatzea eta akordiorako borondatea gauzatzea” eskatu die gainerako alderdiei.
Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta
Gainera, Ortuzarren iritzian, Javier Maroto Gasteizko alkatearen jarreran, laguntza sozialen inguruan, “interesa” besterik ez dago eta gainerako alderdiei jarrera hori ez babesteko eskatu die.
EBBren presidentearen esanetan, gaur egun EAEn dugun laguntza sistema “hobetzeko prest gaude” danok, baina kritikatu egin du Marotok “bisturia eskuan hartu eta anestesia jarri barik moztu” nahi izatea.