Bake prozesua -

'Bakerako Euskal Bidea'

Arraizek armagabetzean parte hartzeko eskatu die Hegoaldeko gobernuei

EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "prozesuaren amaieraraino heltzea nahi dugunok gara, segurenez, alde mugitu eta konponbideak bideratu behar ditugunok".

Hego EHko gobernuei armagabetzean parte hartzeko eskatu die Arraizek

00:50

Europa Press

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko presidenteak "armagabetzearen batzorde independentean" parte hartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. 'Bakerako Euskal Bidea' agirian proposatu du batzordea eratzea, Espainiako eta Frantziako gobernuen "borondate eza" ikusita.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Europa Pressen arabera, Arraiz ziur agertu da agiria beharrezkoa dela une honetan, badirudielako euskal gizartean "atsekabea eta egoerak dakarren nolabaiteko etsipena agerikoa dela, Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioen egoera dela eta".

"Uste genuen, blokeo eta mugimendu ezaren egoera honen aurrean, prozesuaren amaieraraino heltzea nahi dugunok garela, segurenez, alde mugitu eta konponbideak bideratu behar ditugunok". Hori dela eta, "ez atzera ez aurrera geratu diren arazoak konpontzeko bide zehatzak" proposatzen saiatu dira.

Gainera, testuak positibotzat jotzen du, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak zeregina izatea ETAren armagabetze prozesuan, uste dutelako "ezinbestekoa" dela "esparru legala izatea, ahal den onena eta ahalik eta berme gehiagorekin armagabetzea behar dituen baldintzetan egin dadin, erabat bermatuta".

"Gure ustean Gobernu espainiarrak eta frantsesak parte hartu beharko lukete, baina, egungo egoera eta bi gobernuen jarrera ikusita, bestelako bideei ekin behar zaie, egin daitezkeenak, eta uste dugu proposatutakoa egin daitekeela", gaineratu du.

Arraizen iritzian, armagabetzea "ahalik eta arinen" egin behar da eta Estatu espainiarrean aldaketa izateak "ez du ekarriko, tamalez, gauzak aldatzea".

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eusko Jaurlaritza berriak Hasier Arraiz ETA albisteak EH Bildu