Barcenas auzia -
Paez, epaile aurrean
PPko gerente ohia: 'Aitortzen ez zen diruaz ordaintzen zidaten'
Enpresa pribatuetatik jasotako diruaz fakturarik gabeko ordainketak jaso izana aitortu zuen epaile aurrean Cristobal Paez Barcenasen ondorengoak.
Erredakzioa
Alderdi Popularrak enpresa pribatuetatik jasotako diruaz fakturarik gabeko ordainketak jaso izana aitortu zuen Pablo Ruz epailearen aurrean Cristobal Paez PPko gerente ohi eta Barcenasen ondorengoak. ''Aitortzen ez zen diruarekin ordaintzen zidaten. Aitortzen ez zuten dohaintzetako dirua zela uste dut nik'', esan zuen.
Joan den abuztuaren 13an deklaratu zuen Paezek, PPren ustezko B kontabilitatea ikertzeko auzian. Bere zereginetan Luis Barcenasen menpe zegoela aitortu zuen Paezek Europa Press agentziak zabaldu duen adierazpen horretan. Halaber, 2004an Barcenasek berak kontratatu zuela azaldu zuen, gerente lanetan alboko gisa.
''Ni menpekotasun harreman batean nengoen, hierarkia harreman baten azpian. Ni lanera noa. Ez naiz Polizia. Niri ematen didaten diru bat agertzen bada bertan, ba jaso egiten dut'', gaineratu zuen epaile aurrean Paezek.
Barcenas, ''aurrera egin ezinik''
Poliziak PPren egoitzan ''miaketa'' egiteko beldurra dela-eta, ''aurrera egin ezinik eta blokeatuta'' zegoen Barcenas, Paezek epaileari aitortu zionez. Ondorioz, hainbat dokumentu gorde zitzan eskatu ziola deklaratu zuen gerente ohiak.
''Identifikatu gabeko enpresa pribatuen fakturen fotokopiak eta kalkulu orriak ziren. Ez nuen inoiz ikusi gerora prentsan argitaratuta ikusi ditudan dokumentuak'', gaineratu zuen.
Halaber, dokumentu horiek ''lau, bost edo gehienez sei asteaz'' gorde zituela esan zion Paezek epaileari.