Barcenas auzia -
Txostena
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza, Rajoy deklaratzera deitzearen kontra
Halaber, ez du egoki ikusten Rodrigo Rato eta Jaime Mayor Oreja ere Barcenas auzian deklaratzera deitzea. Kartzelako komunikazioak sekretuak ez direla susmatzen du Barcenasen abokatuak.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea, Rodrigo Rato presidenteorde ohia eta Jaime Mayor Oreja ministro ohia Barcenas auzian lekuko gisa deklaratzera deitzearen kontra azaldu da Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza, iturri judizialek jakitera eman dutenez.
Auziko akusazioetako batek, Adade Europako Abokatu Demokraten Elkarteak, egindako eskaria izan da, eta, horren kontra, txosten bat helarazi dio Fiskaltzak Pablo Ruz epaileari.
Bertan azaldu duenez, Fiskaltzak ez du egoki ikusten Rajoy, Rato eta Mayor Oreja deklaratzera deitzea, oraindik ez baitu jaso PPren ustezko B kontabilitatea ikertzen duen auzian deliturik egin zen azaltzen duen adituen txostena.
Akusazioak eskarian argudiatu zuenez, Luis Barcenasen agirietan agertu zirelako deklaratu beharko lukete Rajoyk, Ratok eta Mayor Orejak.
Komunikazioak sekretuak ez direla susmatzen du Barcenasen abokatuak
Barcenasekin kartzelan dituen elkarrizketak ''beharko luketena bezain sekretuak edo isilak'' ez direla susmatzen du Javier Gomez de Liaño PPko diruzain ohiaren abokatuak. Horren aurrean, elkarrizketa horiek mintzaleku batean egitea eskatu du, ''kristalezko manpararik edo bestelako hesi fisikorik gabe''.
Gurtel auziko epaileari helarazi dion txostenean, abokatuak azaldu du joan den astean ezin izan ziola hainbat dokumentu biltzen zituen gutun-azala bere bezeroari helarazi, Soto del Realeko kartzelako funtzionarioek edukia egiaztatzea eskatu zutelako.