Barcenas auzia -

PP

Lapuertak adierazi du sekula ez duela berea ez den dirua jaso

PPko diruzain ohiak bere errugabetasuna defendatu du; Barcenasek aitari iruzur egin ziola salatu dute seme-alabek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiak Pablo Ruz epaileari adierazi dio sekula ez duela berea ez den dirua jaso eta ez diela besteei horretan lagundu, Luis Barcenasi erreferentzia eginez. Gainera, zintzotasuna haren bizitzako ardatzetako bat izan dela gehitu du.

Halaxe esan dio Pablo Ruz Auzitegi Nagusiko epaileari, ez deklaratzeko eskubideari heldu ostean. Izan ere, medikuek eta haren seme-alabek adierazpenik ez egiteko gomendatu diote Lapuertari, haren osasun egoera ahula dela eta.

Ustez Barcenasi PPren B kutxatik dirua hartzen laguntzeagatik, bidegabeko jabetze delituagatik inputatu zuen Ruz epaileak diruzain ohia, eta deklaratzera deitu zuen. Lapuertak testu labur bat irakurri du gaur epaitegian.

86 urte ditu diruzain ohiak, eta azaroan bezala jokatu du gaurkoan. Orduan, epaileak deklaratzera deitu zuen eta uko egin zion osasun egoera ahula zela eta. Azaroan ere testu bat irakurri zuen, dirua modu ilegala jaso izana ukatuz eta haren funtsen jatorria ezaguna dela azpimarratuz.

Gaur, Lapuertak adierazi du sekula ez diola inori ondarea kaltetu, berea ez den dirua jaso edo besteei horrelakoak egiten utzi. Barcenasen inguruan mintzatu da bereziki, epailearen ustez, hark Suitzan sartutako dirua PPren B kutxatik ateratzen lagundu baitzion.

Azaroan egindako agerraldian, Lapuertak azpimarratu zuen otsailean ustelkeriaren aurkako fiskalaren aurrean eta martxoan epailearen aurrean egindako adierazpen guztiak egiazkoak izan zirela. Orduan, Barcenasen paperak ez zituela sekula ikusi eta enpresarien oparien eta goi karguen ordainketen inguruan ezer ez zekiela esan zuen.

Gürtel kasuko adar nagusian bidegabeko jabetze delitu bategatik inputatu du Ruz epaileak Lapuerta (orain arte Barcenasen paperen kontuari lotuta soilik zegoen inputatuta). Epailearen aburuz, B kutxatik Suitzan sartu zituen gutxienez 150.050 euro ateratzen lagundu zion Barcenasi, eta alderdiaren ustezko kontabilitate estalitik, aldiz, beste 149.600 euro.

Azken kopuru hori hedabide baten akzioak erosteko erabili zen 2004an, baina ikerlariek uste dute Barcenasek haren emaztearen kontura bideratu zuela etxebizitza bat erosteko.

Barcenasek Lapuertari iruzur egin ziola uste dute seme-alabek

Alvaro Lapuertaren seme-alabek ukatu egin dute haien aitak Luis Barcenasekin kolaboratu izana alderdiko dirua jasotzeko, eta, Mariano Rajoy presidenteari eta alderdiko idazkari nagusiei bezala, iruzur egin ziotela adierazi dute.

"Zertarako egingo du delitua beste pertsona bati soilik onura egiteko? Lapurreta jasan duen edonor delituaren parte al da, lapurretaren berri ez izategatik?", salatu dute Lapuertaren senideek adierazpen batean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PPko diruzain ohia