Albisteak -

SOSLAIA

Jose Bove, ekologista konprometitua eta gizarte ekintzaile sutsua

Jose Bove politikari eta sindikalista frantziarra da, Confederation Paysanne nekazarien sindikatuko buruzagia eta globalizazioaren aurkako mugimenduaren ekintzaile ezagunenetakoa.

Jose Bove sindikalista eta politikari frantziarra. Argazkia: wikipedia
Jose Bove sindikalista eta politikari frantziarra.
Jose Bove sindikalista eta politikari frantziarra. Argazkia: wikipedia

G.P. | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Bove politikari eta sindikalista frantziarra da, globalizazioaren aurkako mugimenduko ekintzailea eta Via Campesina nazioarteko erakundearen bozeramailea, 1993az geroztik.

2007ko hauteskundeetan, Frantziako Errepublikako presidentegaia izan zen; botoen % 1,32 eskuratu zituen lehen itzulian.

2014ko Europako hauteskundeetan, Europako Alderdi Berdearen hautagaia izango da, Ska Kellerrekin batera, Europako Batzordeko presidentea izateko bozetan.

Frantziako hauteskundeen ostean, Jose Bovek Europe Ecologie-Les Verts koalizioa ekologistarekin bat egin zuen. 2009ko Europako hauteskundeetan, aipatu koalizioak botoen % 16 lortu zituen eta, ondorioz, eurodiputatu izendatu zuten. Nekazaritza eta Landa Garapenerako Batzordeko presidenteordea da Europako  Parlamentuan.

Ibilbidea

Bove 1953ko martxoaren 25ean jaio zen Talencen, Bordeletik hurbil, burgesia txiki bateko familiaren baitan. Gurasoak Luxenburgokoak ziren jatorriz, baina Frantziako hiritartasuna zuten.

1956an AEBra joan zen gurasoekin, Berkeley Unibertsitateak gonbidatuta. Hamar urte egin zituen bertan eta ingelesa ikasteko baliatu zuen. Nazioarteko komunikabideen aurrean erraztasunez hitzegiteko gaitasuna eman zion horrek eta bere inguruan gizon jantziaren irudia zuen.

Gaztetatik bakezaletasuna eta antimilitarismoa izan zituen aldarritzat. Hamabost urterekin manifestazio batean atxilotu zuten. Urteek aurrera egin ahala, ideia anarkistak barneratzen hasi zen eta Lanaren Konfederazio Nazionaleko (CNT) militanteekin identifikatuta sentitzen zela aitortu zuen. 1968ko Maiatzeko protestetan modu aktibo batean parte hartu zuen.

1974-1975 urteetan intsumisoa izan zen. Zerbitzu militarra egiteari uko egin zion eta beste zenbait kiderekin ihes egin zuen. Girondako etxalde batean ezkutatu ziren, Bordeletik hurbil. Horren ondotik, Frantziako Armadak  Montredon izeneko herri txiki batean abandonatutako zelai batzuk bere egin zituen eta Alice Monier emaztearekin eta alabarekin bertara joan zen bizitzera.

Lur-eremu hori Estaturena zen, baina Bove bertan egotea permititu zuten, une oro bere mugimenduak kontrolatuak bazituzten ere. 1976an hiru asterako espetxeratu zuten, beste instalazio militar batzuk inbaditzea egotzita.

Protesta ikusgarriak eta prozesu judizialak

Garai hartan ezkerreko politikagintzarekin harremanak izaten hasi zen eta, besteak beste, François Mitterranden lagun egin zen. Presidente izanez gero, Frantziako Armadak Montredoneko lursaila ofizialki utziko zuela agindu zion Mitterrandek Boveri. 1981eko hauteskundeak irabazi zituen eta Boveren taldeari askatasunez jardutea ahalbidetu zion.

1987an, Confederation Paysanne sindikatu sortu zuen, eta 2001erako 40.000 afiliatu baino gehiago eskuratu zituen. Nekazariz osatutako sindikatua zen; nekazari modernoak, unibertsitate tituludunak eta 68ko Maiatzaren ondorioz politizatutakoak ziren.

Confederation Paysanne sindikatuaren indarrak lagunduta, Bove ekintza ikusgarriak egiten hasi zen. 1988an, Europako Ekonomia Erkidegoa hartutako neurri baten aurka protesta egiteko, Parisen, Eiffel dorrearen alboan dagoen lur-eremu bat traktore batekin goldatu zuen. 1995an, Greenpeacen Rainbow Warrior ontzian joan zen, Frantzia Mururoako atoloian egiten ari zen proba nuklearren aurka protesta egiteko. Ekintza horregatik zenbait egunez espetxeratuta izan zuten.

Bovek hainbat esparrutan egin zuen borroka: hirugarren mundua deitutakoaren alde lan egin zuen, feminismoa defendatu zuen eta ikerkuntza laborategietan oinarritzen zen nekazaritza modernoa gogor salatu zuen.

1996an, transgenikoak ekoizteko zenbait lursail erre zituen, eta 1998an, genetikoki eraldatutako arto hazien erretze sinboliko bat egin zuen eta ekintza horregatik hiritar bezala dagozkion eskubideak kendu zizkioten, 2003a arte.

1999ko abuztuaren 12an, Millau hirian (Aveyron) eraikitzen ari ziren McDonald's baten kontrako erasoa burutu zuen, beste kide batzuk lagunduta. 2000ko ekainaren 30ean eman zuten auzi horren epaia: hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zieten, eraikina "suntsitzea" leporatuta. Epaia publiko egin zen egunean, 15.000 lagun elkartu ziren auzitegiaren aurrean Boveri eta gainerako auzipetuei babesa emateko.

1999an, Munduko Merkataritza Antolakundeak Seattlen egin zuen goi-bileraren hasiera ekitaldian protesta ekintza bat burutu zuen. 2000ko urtarrilaren 29an Munduko Foro Ekonomikoak Davosen egin zuen biltzarrean beste protesta bat burutu zuen.

2001etako otsailaren 16an, berriro eraman zuten akusatuen eserlekuan. Hiru urtetan zazpi prozesu judizial izan zituen. Oraingoan, Nekazaritza Ministerioko hiru funtzionario atxikita izatea leporatu zieten Boveri eta Confederation Paysanne sindikatuko beste zazpi kideri. Gertakariak 1999ko martxoan jazo ziren.

Bestalde, 2000an bere liburua aurkeztu zuen Parisen: Mundua ez da salerosgaia. François Dufour Confederation Paysanne sindikatuko bozeramailearekin elkarlanean idatzi zuen.

Globalizazioaren ondorio negatiboen kontrako nekazarien ideiak biltzen ditu liburuak. Produktu naturalak ekoiztea helburu duen nekazaritza tradizionala babesten du eta garapen jasangarrian eta hirugarren mundua deitutakoarekiko elkartasunean oinarritutako nekazaritza ereduaren alde egiten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europako Parlamenturako Hauteskundeak 2024 Ingurumena