Politika -
Fitxaketa
Telefonica Trinidad Jimenezen fitxaketa prestatzen ari da
Pedro Sanchezek ministro ohi sozialista defendatu du eta azpimarratu du 'langile gisa' hasiko dela lanean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Telefonica konpainia Trinidad Jimenez Espainiako Atzerri ministro ohiaren fitxaketa prestatzen ari da.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak ministro ohi sozialistaren fitxaketa defendatu du eta ukatu egin du "ate birakari" kasu bat izatea. Azaldu duenez, bazekien Telefonicako lantaldera batzeko asmoa zuela. Dena den, azpimarratu du "langile gisa" hasiko dela lanean eta, inola ere ez, administrazio kontseiluko kide gisa.
El Mundo egunkariak gaurko alean dakarrenez, Trinidad Jimenez Espainiako ministro ohia Telefonicako exekutibo izango da.
Espainiako sozialisten buruak RNE irrati katean adierazi duenez, Trinidad Jimenez berak eman zion erabakiaren berri hauteskundeen ondoren. Are gehiago, haren erabakia errespetatzen duela eta zorterik onena opatu dio.
Sanchezen esanetan, ezin da esan "ate birakarien" kasu bat dela eta azpimarratu du bateraezintasunen legeak bi urteko epea ezartzen duela eta Trinidad Jimenezek duela lau urte baino gehiago utzi ziola ministro izateari. "Ibilbide profesionala izateko eskubidea du", azpimarratu du.