Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Barrenarentzat, 'pobrea eta salomonikoa' da PSOEren agiria

Era berean, "errealitate nazionalen kokalekua bilatzen huts handia egin du", kritikatu du.

Pernando Barrena Sorturen bozeramailea. Argazkia: Efe
Pernando Barrena Sorturen bozeramailea.
Pernando Barrena Sorturen bozeramailea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pernando Barrena Sorturen bozeramailearentzat, "pobrea eta salomonikoa" da PSOEk inbestidura akordiorako negoziazioetan aurkeztuko duen agiria, "alde biak gustura utzi nahi dituelako, eta errealitate nazionalen kokalekua bilatzen huts handia" egiten duelako. Bestalde, PPren Gobernuak ez lukeela "ezertarako aukerarik emango" eta, beraz, "beste izaera bateko gobernua osatzeak espektatibak areagotu" egingo lituzkeela azpimarratu du.

Buruzagi abertzaleak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, PSOEk atzo aurkeztutako txostena "pobrea eta salomonikoa da", "alde biak gustura uzteko negoziazio estrategia" jartzen duelako agerian, eta horrek "ordu laurdenerako soilik" balio duelako.

Era berean, "errealitate nazionalen kokalekua bilatzen huts handia" egin duela kritikatu du, "balizko konstituzio erreformaren esku" uzten duelako, eta ez duelako ezer zehazten horretaz. Hala, "iruzur berri bat" izan daitekeela uste du.

Barrenak "edukiak funtsezkoak" direla azpimarratu du, eta ezker abertzalearen lau zutabeak berretsi ditu: "Euskal errealitate nazionala aitortzea, errealitate nazional horrek etorkizuna erabakitzeko askatasuna izatea, bake prozesuari eta gatazkari irtenbidea ematea, eta gizartea erreskatatzea”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSOE Albisteak Sortu Eguneko albisteak