Politika -
Inbestidura
Felipe VI.a Patxi Lopezekin elkartuko da, Sanchezen porrotaren ostean
Ostiraleko bozketaren ondoren, Trantsiziotik sekula izan ez den egoera bat sortu da, sekula ez duelako presidentegaiak bigarren bozketan ere porrot egin.
agentziak | erredakzioa
Felipe VI.a Espainiako erregeak Patxi Lopez Kongresuko presidentea hartuko du gaur, 13:00etan, Zarzuelan, Pedro Sanchezek Gobernuko presidente izateko inbestiduran huts egin ostean.
Kongresuko presidenteak aurreko ostiralean eman zion, telefonoz, Felipe VI.ari inbestidurako bozketaren emaitzaren berri; Pedro Sanchez presidentegai sozialistak Kongresuaren babesik ez zuela jaso, alegia.
Aurreko ostiraleko bozketaren ostean, prozesu berria abiaraziko da, eta erregeak Konstituzioaren 99. artikuluak dioenaren arabera jokatuko du. Egoera berria da Trantsiziotik, sekula ez duelako presidentegaiak bigarren bozketan ere porrot egin.
Felipe VI.ari dagokio hautagai berria proposatzea, baten bat topatuz gero, baina Kongresuak maiatzaren 2a baino lehen berreskuratu behar du inbestidura prozesua.
Inbestidura gauzatzen ez bada, hauteskundeak deituko dituzte berriro, eta ekainaren 26an izango dira.