Politika -
Pontevedran
PPren batasuna eta independentzia aldarrikatu ditu Rajoyk
Gainera, Espainiako gobernuko jarduneko presidenteak azpimarratu du PPk hartzen dituela bere erabakiak eta ez beste inork.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak PPren batasuna eta independentzia aldarrikatu ditu "PSOEk zabaldutako sektarismoaren etapa berri honetan". Haren esanetan, sozialisten jarrera horrek eragotzi du Espainiako Gobernua osatzeko akordiorik ez egotea.
Rajoyk haren alderdiaren posizioa defendatu du Pontevedrako PPren kongresua itxi duen ekitaldian. Haren alboan izan da Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidentea, baina ez du zehaztu udazkeneko hauteskunde autonomikoetan hautagai izango den ala ez.
Bere interes pertsonalez alboratzeko eta espainiarren interesengan pentsatzeko eskatu dio gobernuburuak Pedro Sanchezi. "Hauteskundeak automatikoki deitu aurretik elkar ulertzeko gai izango garela espero dut. Arrazoia eta zentzua nagusitzea espero dut eta batzuk -Sanchezi aipamena eginez- ezertara ez daraman sektarismoaz ahaztea", adierazi du.
Halaber, PPren baitan batasuna mantentzea eta alderdiaren independentzia zaintzea zeinen garrantzitsua den nabarmendu du. Ildo horretan, azpimarratu du Alderdi Popularra dela haren erabakiak hartzen dituena eta ez beste inor. Rajoy buru izango ez duen gobernu bat babesteko PP jasotzen ei den balizko presioei erantzun die horrela Rajoyk.
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak abenduaren 20az geroztik gertaturikoaren errepasoa egin du eta, haren esanetan, akordio "zentzuzkoa, burutsua, moderatua eta, batez ere, demokratikoa" bilatzeko obligazioa du Alderdi Popularrak. Rajoyren hitzetan, alderdi bozkatuena izaki, PPk izan beharko luke gobernuburu PSOEren eta "Espainiaren alde lan egiteko ilusioa eta gogoa duen beste edozein alderdiren" babesarekin.
Sanchezek Rajoyrekin hitz egiteari uko egin izana deitoratu ostean, sozialisten buruzagiari galdetu dio ea nola agindu nahi duen Senatuan gehiengo absolutua duen alderdi baten kontra.
Bestalde, Rajoyk beste behin berretsi du Espainiaren batasunarentzat eta ekonomiarentzat eta espainiarrentzat txarra litzatekeela PSOEren, Podemosen, IUren eta EAJren arteko balizko akordioa. Halaber, balizko akordio horrek ERCren eta Democracia y Llibertat alderdi katalanen babesa beharko lukeela gaineratu du.