Politika -
Barne krisia
Pablo Iglesias erkidegoetako idazkariekin elkartuko da ostiralean
Bestalde, Carolina Bescansa Podemosen Analisi idazkariak PSOEri leporatu dio alderdi barruko zatiketaren diskurtsoa sustatzea eta “Podemos asko” daudela zabaltzea.
agentziak | erredakzioa
Laura Perez Nafarroako Podemosen buruak iragarri du ostiral honetan elkartuko direla erkidegoetako idazkariak Pablo Iglesiasekin jarraitu beharreko estrategiaz gogoeta egiteko, "arreta guztiz desbideratzen" ari direlakoan.
Perezek Foru Parlamentuan egiten ari diren osoko bilkuraren aurretik azpimarratu duenez, "arazoa ez da Podemos".
Horren harira, "tentsio uneen" ondorioz desadostasunak sortu direla azaldu du, "gobernua osatzeko testuinguruan ardura handia" dagoelako, baina gero "konpondu" egiten direla.
Bescansak PSOEren aurka jo du
Bestalde, Carolina Bescansa Podemosen Analisi idazkariak PSOEri leporatu dio alderdi barruko zatiketaren diskurtsoa sustatzea eta "Podemos asko" daudela zabaltzea.
"Ez dira gai azaltzeko zergatik duela bi hilabete eskuindarrak zirela esan zutenekin akordioa egin duten eta zergatik ez diren esertzen aldaketarako alderdiekin gobernu bat osatzeko… baliteke bi edo zazpi Podemos daudela adierazteko interesa izatea gu ahultzeko", adierazi du Bescansak RNEn.