Politika -
Bilera
Barkosek eta Errejonek Nafarroako Gobernuaren garai ona egiaztatu dute
Foru Erkidegoko presidenteak eta Podemoseko agintariak Gobernuaren balantzearen balioa azpimarratu du; Podemosek Nafarroan gobernatzeko akordio programatikoan parte hartzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek eta Iñigo Errejon Politika eta Estrategia eta Kanpainako arloetako Podemoseko idazkariak nabarmendu dute Nafarroako Gobernuaren garai ona; halaber, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako akordio programatikoa balioetsi dute.
Uxue Barkosek Nafarroako Jauregian hartu ditu Iñigo Errejon eta Podemos Nafarroako idazkari nagusi Laura Perez; izan ere, Iruñean egin du Podemosek parlamentuaren arteko bilera. Topaketan, gaurkotasun politikoa aztertu dute, bai Estatu-mailan baita Foru Erkidegokoa ere.
Bilera amaituta kazetariei egindako adierazpenetan, Barkosek esan du Nafarroako Gobernua sostengatzen duten indarren arteko akordio programatikoaren formula "eraginkorra ari da izaten kudeaketan, eta beste politika bat egiteko moduan".
Iñigo Errejonek, aldiz, esan du Nafarroan "oso beharrezkoak ziren urratsak" ari direla ematen, eta gehitu du urrats horiek “aurrera jarraituko dutela”. Akordio programatikoak, Errejonen iritziz, baieztatzen du gaitasuna dagoela formulak aurrera ateratzeko, borondate politikoa dagoenean, "inork euren ideia eta hastapenei uko egin gabe; gehiengoaren zerbitzuan dauden eta birsorkuntza demokratikoaren aldeko politika publikoak gauzatu ahal dira".
Ez da Estatu mailan estrapolatzeko modukoa
Dena den, Podemoseko bigarrenak zehaztu du "Nafarroako formula" ez dela Estatu mailan estrapolatzeko modukoa; izan ere, Foru Erkidegoa "ekosistema politiko zehatza da, baldintza jakin batzuk ditu eta berezko aktoreak".
Ildo horretan, Errejon "harro" azaldu da; izan ere, haren iritziz, "aldaketaren aldeko udalak eta gobernu autonomikoak laguntza handia ari dira ematen gehiengoaren zerbitzuan dauden politikak aurrera ateratzeko".