Politika -
Madril eta Parla
Atxilotu bat eta 14 identifikatu, meskiten aurkako erasoengatik
Poliziak Parlako meskitan svastikak pintatzeagatik atxilotu du gizon bat, eta 14 identifikatuak Hogar Social Madrid talde ultraeskuindarrarekin dute zerikusia.
agentziak | erredakzioa
Poliziak pertsona bat atxilotu eta beste hamalau identifikatu ditu Madrilgo M-30eko meskitaren kontra eta Parlako beste tenplu islamiko baten aurka martxoan egindako erasoen harira.
Ikerketako iturriek baieztatu dute atxiloketa, Bruselako atentatuak gertatu eta gutxira izandako erasoekin lotuta.
Hogar Social Madrid talde ultraeskuindarrak hartu zuen beregain M-30 meskitaren aurkako erasoa, martxoaren 22an, Bruselan erasoak izan eta ordu batzuetara. Bengalak eta ke poteak jaurti zituzten, eta "Gaur Brusela, bihar Madril?" zioen kartel bat jarri zuten.
Fiskaltza eraso hori ikertzen ari da, eta Poliziak dagoeneko identifikatu ditu parte-hartzaileetako 14, Hogar Social Madridekin lotutakoak.
Istilu horiek gertatu eta zortzi egunera beste eraso bat izan zen Parlako meskitan, svastikak pintatu eta pintura gorria jaurti baitzuten. Horrekin lotuta egin dute atxiloketa.