Politika -

Auzitegi Gorena

Iglesiasen eta Errejonen aurkako auzia artxibatu egin dute berriz

Bigarren aldia da, Iranek eta Venezuelak legez kanpoko diru-laguntzak eman zizkietela leporatuta, Manos Limpiasen kereila artxibatzen dutela.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak ez du onartu Manos Limpiasek Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren, Iñigo Errejonen eta beste kide batzuen aurka aurkeztutako kereila, Iranek eta Venezuelak diru-laguntzak eman zizkietelakoan, "egindakoa ez delako delitua".

Zehatz-mehatz, epaia sinatu duten bost epaileek esan dute kereilan jasotako gertaerak ez direla garrantzitsuak, zigor kodearen ikuspuntutik, eta, hortaz, ezin da onartu "ez dagoelako jasota gertakarien zantzurik eta, hori dela eta, artxibatu egin behar da".

Bigarren aldia da, Iranek eta Venezuelak legez kanpoko diru-laguntzak eman zizkietela leporatuta, Manos Limpiasek kereila aurkezten duela Iglesiasen, Errejonen eta beste bost lagunen aurka, langileen eskubideen kontrako delituak, desobedientzia, organizazio kriminal baten kide izatea, bidegabeko jabetzea, administrazio ez leiala, influentzia-trafikoa, funtzionario-eroskeria, partikularren arteko ustelkeria eta Ogasun Publikoaren aurkako delituak egitea leporatuta.

PISA (Pablo Iglesias Sozietate Anonimoa) deitutako txostenaren gainean ere aritu da Gorena. Txostenean Iranek eta Venezuelak ustez emandako diru-laguntzak jaso dituzte eta, Manos Limpiasen arabera, Poliziaren Zuzendaritza Orokorreko Zuzendaritza Ondoko Operatiboak egin du. Gorenaren arabera, txostenean "hedabideetako informazioan jasota" dago eta gogorarazi egin du horrek -informazioak- ezin duela justifikatu prozesu judiziala abiatzea.

Halaber, gaineratu duenez, Manos Limpiasek esandakoak ere ez du betetzen baldintza hori, ez daudelako "elementu objektibo batek egiaztatuta".

Izan ere, Auzitegi Gorenaren Fiskaltzak "baieztatu gabeko" informazio bildumatzat jo zuen PISA txostena, eta, epaiek esan bezala, horrek ezin duela prozesua abiaraztea justifikatu.

Pablo Iglesiasi egotzitako delituei dagokienez, epaiak berretsi egin du Manos Limpiasek 2015eko otsailean jarritako berdinak direla eta, aurreko horretan ere, artxibatu egin zuten kereila.

Aretoak, Fiskaltzak aurretik esan bezala, kereila artxibatzea erabaki du, Manos Limpiasek aurrekoaren berdina delako, datu berriak ekarri gabe.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena albisteak Gaurko azken orduko albistea Podemos Iran Venezuela argazkiak