Politika -
Protesta
Manifestazio batek III. Errepublika eskatuko du Donostian larunbatean
Mugimendu Errepublikanoak deitu du. Martxaren antolatzaileen iritziz, egungo sistema "agortuta dago, ez da bidezkoa, eta gabezia handiak ditu".
Agentziak | Erredakzioa
Mugimendu Errepublikanoak manifestazio bat deitu du larunbaterako Donostian, xede izanik III. Errepublika eskatzea. Egun hauetan, hain zuzen, 85 urte bete dira Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zutenetik; egungo sistema, aldiz, "agortuta dago, ez da bidezkoa, eta gabezia handiak ditu", antolatzaileen esanetan.
Ohar batean, Mugimendu Errepublikanoak salatu du Trantsizioak sortutako Estatu eta Gobernu eredua "hautsita" dagoela; izan ere, 1978ko Konstituzioak hainbat eskubide ezartzen ditu, baina, hala ere, "batzuk ez ditu inork bermatzen", eta krisialdiaren zama familia langileek jasan behar izaten dute: "Demokrazia formala suntsitzen dute, eta merkatuen diktaduraren alde egin".
Hortaz, esan dute gaitzesten dutela sistema hau, "agortuta dagoelako, ez delako bidezkoa eta gabezia handiak dituelako"; gainera, egungo ereduak uko egiten die herritarrei euren etorkizunaren gainean erabakitzeko eskubidea.