Politika -
Gipuzkoa
Bidegi auziko fidantzak errekurrituko ditu Gidari elkarteak
Epaileak ezarritako fidantzak kritikatu ditu Gidarik, "diru publikoaren balizko bidegabeko erabilpena ikertzea helburu duen elkarte bat ekonomikoki ito nahi duelako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gidari elkartearen iritziz, "onartezina eta lotsagarria" da epaileak 50.000 euroko fidantza bi ezarri izana elkarte hori Bidegi auzian, elkarte hori herri-akusazio gisa aurkeztu ahal izateko. Gainera, erabaki hori errekurrituko duela iragarri du.
Azpeitiko Instrukziozko 2. Epaitegiak diru kopuru hori ezarri dio Gidari elkarteari Bidegi auziagatik epaitegietan irekitako bi kausetan herri-akusazio bezala aurkeztu ahal izateko.
Bidegi auzian ustez izandako irregulartasunak ikertzeko herri-elkartea da Gidari. "Ideologia diferente" duten herritarrek osatzen dute elkartea, eta horien asmoa da "presioa egitea Bidegin izandako ustelkeria azkeneraino ikertu dezaten, xede izanik gipuzkoarren poltsikoetatik ateratako 30 milioi euroekin jazotakoa argitzea".
Azpeitiko Epaitegia ikertzen dabilen ustezko irregulartasunak duela bi urte gertatu omen ziren, EAJ Gipuzkoako Foru Aldundian zegoenean, eta EH Bilduk salatu zituen bertako boterea eskuratu zuenean.
Gidarik azaldu duenez, herri-akusazio gisa azaldu da "herritarrei dagokielako diru publikoarekin lotutako ustelkeriaren ikerketa bultzatzea". Elkarte horrek azaldu duenez, epaitegiaren bi autoak errekurrituko ditu, "ulertezina baita diru publikoaren balizko bidegabeko erabilpena ikertzea helburu duen elkarte bat ekonomikoki ito nahi izatea".