Politika -
Hauteskunde orokorrak
Geroa Bai eta EH Bildu, hautagaitza bateratu bat aztertzearen alde
Podemosek, aldiz, oraindik ez duela gaiaren inguruko barne eztabaidarik izan esan du.
Agentziak| Erredakzioa
Ekainerako deitu ditzaketen hauteskunde orokorren aurrean, Foru Gobernuari babesa ematen dioten lau indarren arteko hautagaitza bateratu bat aztertzearen alde agertu dira Geroa Bai eta EH Bildu.
Podemosek, ostera, oraindik ez duela gaiaren inguruko barne eztabaidarik izan esan du. “Podemos bezala aurkezteko egoeran gaude, baina salbuespen testuinguru batean egongo ginateke, eta beste aukerak aztertu beharko lirateke”, azpimarratu du alderdi moreak.
Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak azaldu duenez, abenduko hauteskundeetatik aldatu egin da egoera, eta horregatik “gogoeta egitea interesgarria da”. Martinezen hitzetan, lauko gobernuaren ordezkariek iragan ostiralean egindako bilera “lehen hartu-emana izan zen”.
Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailearen ahotan, “gertatzen denaren zain egon behar dute; izan ere, azken minutura arte ezin daiteke esan hau amaitu denik”. “Koalizio handiaren aukera ez dago baztertzerik”, erantsi du. Hala ere, hauteskunde berri batzuen aurrean, “Nafarroan aldaketa politikoaren hautagaitza bat babesteko prest gaude”.
Bestalde, iragan ostiraleko bilera “ohikoa” izan zela esan du Laura Perez Podemos Nafarroako idazkari nagusiak. “Guk oraingoz ez ditugu hauteskundeak gogoan hartzen, azken unera arte aukera guztiak agortu nahi ditugu”, gaineratu du.
Azkenik, “Kongresura Arraiz jaunarekin, Otegi jaunarekin, joateko batere arazorik ez du jada Barkos andereak”, kritikatu du Javier Esparza UPNko bozeramaileak. “Abenduaren 20an abisu oso garrantzitsua eman zuen Nafarroako gizarteak; Bildu eta Geroa Bai ordezkaritzarik gabe geratu ziren Kongresuan”, adierazi du.