Politika -

Ezker abertzaleko abokatuak

Fiskalak 19 urteko espetxe zigorra eskatu du Arantza Zuluetarentzat

Ezker abertzaleko gainerako abokatu inputatuen aurka 7 eta 12 urte arteko eskaerak egin ditu Ministerio Publikoak.

Arantza Zulueta ezker abertzaleko abokatua. EFE
Arantza Zulueta ezker abertzaleko abokatua. EFE
Arantza Zulueta ezker abertzaleko abokatua. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 19 urteko espetxe zigorra eskatu du Arantza Zulueta ezker abertzaleko abokatuaren aurka, "ETAren fronte juridikoaren arduradunetako bat" izatea egotzita.

Hain zuzen ere, Jose Perals fiskalak 12 urte eskatu ditu erakunde terroristako kide izatea leporatuta, eta 7 armak eta lehergailuak edukitzea egotzita. Gainera, 14 urtez kargu publikoan aritzeko debekua ere eskatu du.

Auziko beste inputatu nagusia Jon Enparantza abokatua da, eta horrentzat 12 urteko espetxe zigorra eta 13 urteko gaitasun-gabetzea eskatu du Ministerio Publikoak.

Gainerako inputatuentzat, eskaera hauek egin ditu fiskalak: 11 urte Naia Zurriarainentzat eta Julen Zelarainentzat; 10, Iker Sarriegirentzat; 9, Joxe Domingo Aizpuruarentzat; eta, 7, Saioa Agirrerentzat, Juan Mari Jauregirentzat eta Nerea Redondorentzat.

Fiskaltzak "ETAko abokatuen arduradun nagusia" izatea egotzi dio Zuluetari, eta talde armatuko zuzendaritzarekin "komunikazio iraunkorra" zuela gaineratu du.

Horren ildotik, fiskalak esan du Zuluetak pare hartu zuela "iraultza zerga" kobratzeko prozesuan, eta ETArentzako helburuak zehaztu zituela. Adibidez, ETAk Auzitegi Nazionaleko segurtasun neurriei buruzko txosten bat egitea eskatu ziola aipatu du, bertan lehergailu bat eztandarazteko.

Enparantzari dagokionez, fiskalak presoen kolektiboa kudeatzea eta "iraultza zerga" kobratzeko bitartekari lanak egitea leporatu dio.

Zulueta eta Enparantza behin-behinean aske zeuden 2012tik, baina Eloy Velasco epaileak kartzelatu egin zituen 2014ko urtarrilean, beste auzi bat tarteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika albisteak Presoak ETA gaur Gaurko azken orduko albistea