Politika -
Noos auzia
Infantak 'ez zuen ezer egiten' Aizoonen, Garcia Revengaren ustez
Infanten idazkari pertsonal ohiak adierazi duenez, ez daki zein zen Cristina infantaren zeregina Aizoon enpresan.
Agentziak | Erredakzioa
Carlos Garcia Revenga infanten idazkari pertsonal ohiak, gaur Noos auziaren epaiketaren barruan deklaratu duenez, ez zekien zein zen Cristina infantaren zeregina Aizoon enpresan. Iñaki Urdangarinek eta Cristinak Aizoon enpresaren jabekide ziren % 50ean eta, ustez, Ogasun publikoari iruzur egiteko duke ohiak erabilitako enpresa izan zen.
"Infantaren zereginen inguruan ez daukat ideiarik ez, uste dut ez zuela ezer egiten. Bakarrik dakit enpresa erdi bana zutela", esan du Revengak galdeketan. Halaber, Aizoon enpresa Urdangarinen eta Cristinaren "kutxa" ote zenik ez dakiela esan du.
Halaber, enpresa horretako kreditu-txartela inoiz izan edo horrekin ezer ordaindu zuenik ukatu egin du Revengak, Julieta Cuqerella Urdangarinen idazkari ohiak egindako adierazpenen harira. Cuquerellaren esanetan, Revengak bazuen Aizooneko kreditu-txartela.
Bestalde, Revengak esan du ez zuela inoiz Aizooneko lankiderik ezagutu, eta duke ohiak azaldu egin ziola etxean bertan zuela. Era berean, Cristinaren eta bere senarraren etxeko lankideak Aizoon enpresaren baitan alta hartuta zeudenik ez dakiela esan du.