Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Urkullu: 'Foru pasea ez da mantra bat, eskubideak aldarrikatzea da'
PPk Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez lehendakariak esan duenez, euskal autogobernua 'degradazio nabarmena' pairatzen ari da Rajoyren gobernuaren 'asmo birzentralizatzailearengatik'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Foru pasea eguneratzearen alde agertu da, berriro, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Bertan azaldu duenez, XV. eta XIX mendeen artean Hego Euskal Herriko lau lurraldeek erabilitako tresna bat izan zen foru pasea, Espainiako monarkiaren zenbait arau ez betetzea ahalbidetzen ziena. Hala, egungo egoerara ekarrita eta eguneratuta, autogobernua bermatzeko tresna aproposa dela iritzi dio Urkulluk.
Modu horretan, Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak egindako galdera parlamentarioari erantzun dio lehendakariak. Espainiako Gobernuak eskumenak zapaltzen dituelakoan, Jaurlaritzak egindako kritiken inguruan itaundu du buruzagi popularrak: horren hitzetan, Espainiak eskumenak zapaltzen dituela esatea "aitzakia hutsa" da, Euskadirentzat marraztu nahi duten estatus politiko berria justifikatzeko.
Urkulluk, besteak beste, LOMCE lege organikoaren "inposizioa" aipatu du, "Espainiako Gobernuaren jarreraren erakusle". Gogora ekarri duenez, azken urteotan 23 helegite jarri ditu Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak EAEren eskumenak urratu dituela argudiatuta. "Espainiako Gobernuak asmo birzentralizatzailea duela esatea ez da asmakizuna, egia da", zehaztu du.