Politika -

Gobernagarritasuna

Alderdiekin azken bilera-sorta asteartean bukatuko du erregeak

Oraingoan Espainiako erregeak formatu espresean egingo ditu bilerak, astebeteko agenda bete beharrean.

Felipe VI.a erregea eta Mariano Rajoy aurreko bilera-sortan. Artxiboko irudia: EFE
Felipe VI.a erregea eta  Mariano Rajoy aurreko bilera-sortan. Artxiboko irudia: EFE
Felipe VI.a erregea eta Mariano Rajoy aurreko bilera-sortan. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politikoekin azken bilera-sorta astearte arratsaldean amaituko du Espainiako erregeak.

Errege Etxeak bileren egutegia argitaratu du gaur. Aurreko bi bilera-sortetan bezalaxe, ordezkaritza txikiena duten alderdietatik hasi eta handienekin bukatuko du erregeak. ERC eta EH Bildu ez dira Felipe VI.arekin bilduko, ez dutelako nahi izan.

Hala, Zarzuela jauregira joaten azkena Mariano Rajoy PPko buruzagi eta Gobernuaren jarduneko presidentea izango da. Rajoyk asteartean, 17:30ean, du hitzordua. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak ordubete lehenago izango du bilera, 16:30ean.

Espres

Aurreko bi bilera-sortetan ez bezala, oraingoan Espainiako erregeak formatu espresean egingo ditu bilerak, astebeteko agenda bete beharrean.

Astelehenean zortzi alderdi politikotako ordezkariak hartuko ditu estatuburuak: Pedro Quevedo Nueva Canariaseko diputatua 10:00etan, Isidro Manuel Martinez (Foro Asturias) 11:00etan eta Ana Oramas (Coalicion Canaria) 12:00etan.

UPNk Javier Esparza alderdiko presidentea bilerara bidaltzea erabaki du oraingoan, nahiz eta diputatu ez izan. Lehen bilera-sortan gauza bera egin zuen Nafarroako alderdiak. Esparzak 13:00etan du hitzordua, Zarzuelan.

Bazkaltzeko atsedenaldi bat egin ondoren, Felipe VI.ak bilerekin arratsaldean jarraituko du. Alberto Garzon IUko diputatua 16:00etan hartuko du; Aitor Esteban EAJko bozeramailea 17:00etan eta Alexandra Fernandez En Mareako diputatua 18:00etan. Erregeak egunari Francesc Homs Democracia i Llibertateko bozeramailearekin (19:00) amaiera emango dio.

Asteartean Joan Baldovi Compromiseko diputatua hartuko du 10:00etan; Xavier Domenech En Comu-Podemeko ordezkaria 11:00etan; Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia 12:00etan eta Pablo Iglesias Podemoseko agintaria 13:00etan.

Rajoyrekin azken bilera bukatu ondoren, astearte arratsaldean bertan bilera-sortaren emaitzaren berri emango dute, Errege Etxeko bozeramaile batek baieztatu duenez. Ekainerako hauteskundeak deitu beharko dituzten ala ez argituko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi politikoak bideoak