Politika -

Auzitegi Nazionala

Fermin Vila Mitxelenari 316 urteko zigorra ezartzea eskatu du fiskalak

2001ean, Madrilgo Goya kaleko banketxe baten aurrean lehergailu bat zartarazi izana leporatzen diote ETAko kideari. Leherketak 14 pertsona zauritu eta kalte ugari utzi zituen.

Fermin Vila Mitxelena ETAko kidea Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Fermin Vila Mitxelena ETAko kidea Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Fermin Vila Mitxelena ETAko kidea Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fermin Vila Mitxelena ETAko kideari 316 urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du gaur fiskalak. Mitxelena 2010ean atxilotu zuten Belfasten (Ipar Irlanda). 2001ean, Madrilgo Goya kaleko banketxe baten aurrean lehergailu bat zartarazi izana leporatzen diote ETAko kideari. Leherketak 14 pertsona zauritu eta kalte ugari utzi zituen.

Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira gaur eta bihar. Marcelo Azcarraga fiskalak azaldu duenez, Vila Mitxelenak, Ana Belen Egues Madril taldeko kidearekin batera, 60-70 kilo lehergai zituzten 2001eko maiatzean, eta kalean leherraraztea erabaki zuten. Egues dagoeneko zigorturik dago.

Maiatzaren 8an, ETAko bi kideek ibilgailu bat lapurtu zuten Luis Hoyos de Sainz kalean, eta matrikula aldatu eta plaka faltsuak jarri ondoren, lehergailua sartu zuten horren barruan.

Maiatzaren 11n, Goya kalera eraman zuten, 23:45 aldera, eta BBVA bankuaren bulego baten aurrean aparkatu zuten. Ondoren, ihes egin zuten, lehergailuak eztanda egin baino lehen.

Epaileak aldarrikapena egitea galarazi du

Vila Mitxelenak aldarrikapen bat egin nahi izan du euskeraz auzi saioaren hasieran, baina Cocepcion Espejel auzitegiko presidenteak galarazi egin dio.

Fiskalaren eta beste aldeengalderak erantzuteko prest ote dagoen galdetuta, hizketaldi luze bati ekin dio, eta ez du etenik egin itzultzaileei lana errazteko.

"Argi dago ez dagokion adierazpen bat egiten ari zarela, isil zaitez mesedez eta ez eten", moztu dio Espejelek.

Kargu publikorako erabateko debekua eta kalte-ordainak

Fiskalak 20 urteko espetxe-zigorra eskatu du triskantza terrorista delituagatik, 3 urtekoa helburu terrorista zuen lapurreta egiteagatik, 20 urtekoa lesio larriak eragin zituen pertsonen kontrako eraso terroristaren delitu bakoitzagatik, 15 urtekoa pertsonen kontrako delitu bakoitzeko, beste lesio batzuk eragiteagatik, eta 3 urtekoa agiri ofizialak faltsutzeagatik.

Era berean, ezartzen dizkieten espetxe-zigorretatik haratago, 20 urtez kargu publikoan aritzeko debekua ezartzeko eskatu du fiskalak. Atentatuaren ondorioz zauritutako 18 pertsonei eta kalteak jasan zituzten erakundeei 100 eta 485.987 euro arteko kalte-ordaina ematea ere eskatu du Ministerio Publikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Eguneko albisteak