Politika -
Elkarrizketarako Foroa
Elkarbizitza politikoko 'egiazko esperientzia' izan dute Errenterian
Hainbat sentsibilitate politiko dituzten 18 lagunek hartu dute parte egitasmoan; hiru urte eta erdian izan da martxan, eta ostiral honetan aurkeztu dituzte ondorioak.
Agentziak | Erredakzioa
Hainbat sentsibilitate politiko dituzten Errenteriako herritar batzuek parte hartu dute, hiru urte eta erdian, bilera-sorta batean, zeina bilakatu da, euren esanetan, "egiazko elkarbizitza-esperientzia bat". Parte-hartzaileek segurutzat jotzen zutena ere jarri dute zalantzan, eta ezagutzeko asmoarekin entzun dute elkar.
18 lagunek osatutako talde honetako kideen artean, Julen Mendoza egungo alkatea dago (EH Bildukoa da), bai eta Juan Carlos Merino PSE-EEko alkate ohia ere. Gainera, beste herritar batzuk ere ibili dira taldean; bakoitzak zuen bere esperientzia Euskal Herrian bizi izandako biolentzia-urteen gainean, eta kasu batzuetan kontrajarriak ere ziren esperientzia horiek.
Taldea gaur irten da anonimotasunetik, hiru urte eta erdi eztabaidatzen eman ostean, eta Errenterian aurkeztu ditu ondorioak.
Egitasmoa Udala bultzatzen ari den beste proiektu batzuekin dago lotuta, "Eraikiz" zinema- eta antzerki-zikloa kasu; 2013ko otsailean, ETAren hainbat biktima eta taldeko preso ohiak bildu zituen ekimen horrek.
"Desberdinen arteko egiazko elkarbizitza-esperientzia"
Elkarrizketarako foro honetako kideek azaldu dutenez, azken hiru eta erdian desberdinen arteko egiazko elkarbizitza-esperientzia bizi izan dute; nolabait, "askatasunez" erakutsi ahal izan dituzte euren ikuspegiak, eta, bitartean, gainerakoei “arretaz eta errespetuz” entzun ahal izan diete.
"Oinazean elkarrengana gerturatzeko gai izan gara", diote lanaren ondorioetan; gaur irakurri ditu ondorio horiek Errenterian Merino alkate ohiak, zeinak onartu du, halaber, esperientziak frogatu duela oso zaila dela "adostasun politikoak egitea desberdinak direnen artean".
"Prozesuan zehar aldatu gara, segurutzat jotzen genuena zalantzan jarriz, entzun dugu ezagutzeko", esan dute protagonistek; beroriek gehitu dute nola esperientzia honek balio izan duen "ezjakintasuna baztertzeko, eta gureganatzeko zein neurrikoa izan den bizi izandakoa eta jasandakoa".
Iazko amaieran erabaki zuten esperientziaren berri ematea, asmoa izanik "ekarpen bat egitea, elkarbizitza-testuinguru berria sortzen laguntzea, askatasunean eta errespetuan oinarritutako testuinguru bat, alegia".