Politika -
Gobernu ituna
Podemosek eta IUk 50 neurri adostu dituzte, erabakitze eskubidea barne
Bi alderdiek komunean dituzten neurriak jasotzen ditu dokumentuak, eta ekainaren 26ko hauteskundeen ostean gobernua osatzea lortzen badute, aurrera eramango omen dituzte.
agentziak | erredakzioa
Podemosek eta IUk 50 neurri zehatz aurreikusten dituen txosten bat adostu dute, ekainaren 26ko hauteskundeen ostean gobernua osatzea lortzen badute aurrera eramateko asmoz. Abenduko hauteskundeetarako programetan jasotako neurriak omen dira guztiak, bi alderdien programetan agertzen baitziren.
'Cambiar España: 50 pasos para gobernar juntos' ('Espainia aldatu: 50 urrats elkarrekin gobernatzeko') izeneko dokumentuan jasotzen dira bi alderdien aldarrikapen nagusietakoak, tartean etxegabetzeak gelditzea, banka publikoa sortzea, errenta bermatzeko programa eta Kataluniako erreferenduma.
Monarkiaz edo Errepublikaz kontsulta egiteko aukeraz, ordea, ez dago aipamenik, eta horixe da IUren nortasunaren ikur nagusietako bat, baina horrek ez omen du esan nahi galdeketa horri uko egin dionik, dokumentuan argi zehaztu baitute alderdi bakoitzak hauteskundeetako programari eusten diola.
"Gure gizarteak epe motz eta ertainean dituen arazo handiei erantzuteko 50 urratseko ibilbidea da", azaldu dute dokumentuan bertan. Guztira bost ataletan banatu dute: demokrazia ekonomikoa, soziala, politikoa, naturala eta nazioartekoa.