Politika -
polemika
Ikurrina, Eurovisionen: 'Segurtasunekoek zerrenda zaharra zuten'
Zeramaten ikurrina kendu zieten jaialdira joan ziren hiru gazte euskalduni. Horietako batek Gazteari azaldu dionez, arazoa eduki zuten bakarrak izan ziren, jende askok baitzeramanan ikurrina.
EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS
'Segurtasunekoek debekatutako banderen zerrenda zaharra zuten, horregatik kendu ziguten ikurrina". Hala azaldu du Eder Somoza gazteak larunbatean Stockholmeko Globe Arenan gertatutakoa. Gaztea irrati-kateak elkarrizketa egin dio Eurovision jaialdian ikurrinarekin arazoa izan zuen gazteetako bati.
Eurovision jaialdiaren finala zuzenean ikustera joandakoetako bat izan zen Somoza. Bilbon jaio baina Gasteizen bizi den gaztea beste bi lagunekin batera joan zen Suediako hiriburura, ikurrinak aldean. Hiru gazteak Globe Arena barruan zirela, segurtasuneko kide bat joan zitzaien lepoan zeramatena kentzeko eskatuz. Hura gorde ostean, beste bat zutela ikusita, pabiloitik aterarazi zituzten eta ikurrina kendu zieten.
Gertatutakoaz kexua agertzeko, Espainiako Gobernuak Suedian duen enbaxadara deitu zuten hiru lagunek. Kontsula bera joan zen Globe Arenara: "Berak eman zigun erreklamazio-orria, eta hari esker itzuli zizkiguten ikurrinak. Antza, debekatutako banderen zerrenda zaharra zuten segurtasunekoek. Arazoa eduki dugun bakarrak gara", kontatu du Somozak. Bilbotarraren esanetan, Eurovision jaialdiko zuzendaritzak "barkamena" eskatu die gertatutakoagatik.
Imanol Aparicio Gazteako kolaboratzaileak azaldu duenez, berak ere "ikurrina erraldoi bat" (bi metroko bat) eraman zuen jaialdira, eta arazorik gabe egon zen pabiloi barruan. "Antolatzaileen tratua bikaina izan zen", nabarmendu du Apariciok.