Politika -
Hauteskunde orokorrak
Podemos Euskadi, aurreko zerrendaburu berekin hauteskunde orokorretara
Aurreko hauteskundeetara aurkeztu zituen zerrendaburu berak izango ditu ekaineko hauteskunde orokorretan: Nagua Alba, Eduardo Maura eta Juantxo Lopez de Uralde.
Agentziak | Erredakzioa
Podemos Euskadi Antolakuntza Idazkari lander Martinezek gaur arratsaldean baieztatu duenez, bere alderdiak zerrendaburuak errepikatuko ditu ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan; izan ere, Nagua Alba (Gipuzkoa), Eduardo Maura (Bizkaia) eta Juantxo López de Uralde (Araba) izango baitira lehenengo hautagaiak.
Alderdi morearen agintariak kazetarien aurrean egin du baieztapen hori Podemos Euskadik Donostiako hotel batean egin duen Herritarren Kontseilu Autonomikora sartu aurretik.
Martinezek adierazi duenez, Ezker-Anitza-IU alderdiarekin bat egin ostean, bere alderdiak uste du abenduan eskuratu zituen emaitzak "hobe" ditzakeela.
Horrela izanez gero, zehaztu du bere koalizioak Euskadin posizioak sendotuko lituzkeela, eta urriko autonomikoetara bigarrenez Euskadiko lehen indarra izanik abiatuko litzatekeela.
Horrez gain, azaldu duenez, "nahiz eta ekaineko hauteskunde orokorrak eta Euskadin urrian egingo diren autonomikoak" hauteskunde "erabat desberdinak izan", bata bestetik hain gertu egoteak "beste batzuetan baino lotuagoak egotea" egiten du, eta horregatik "posible da bateko emaitzak bestearengan izan ditzakeen eragina beste batzuetan baino handiago izatea".