Politika -
Udalbatza
Arabara batzeko prozesu berria berretsi du Trebiñuk
Dena den, Trebiñuko Udalaren akordioak “legez kanpokoak” direla adierazi du Cesar Rico Burgoseko Diputazioaren presidenteak, Horregatik, berriz helegitea aurkeztuko dietela uste du.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadira batzeko prozesu berria onartu zuen Trebiñuko Udalak martxoaren 8an. Gaur akordio hori berretsi du Udalbatzak, Gobernuaren Ordezkaritzak egindako eskakizuna atzera botaz.
Konderriko Herritarrek (bi zinegotzi), Trebiñuko Konderriko Elkarte Independenteak (bi), Guztientzako Konderriak (bat), EH Bilduk (bat) eta EAJk (bat) ekimenari babesa eman diote.
Inmaculada Ranedo Alderdi Popularreko zinegotziak kontrako boto amena du; PPko beste zinegotziak, aldiz, ez du Udalbatzan parte hartu, Ernesto Argote alkateak azaldu duenez.
Gobernuko ordezkariaren eskaera
Maria Jose Salgueirok, Gobernuak Gaztela eta Leonen duen ordezkariak, ekimena baztertzeko epe bat eman zion Trebiñuko Udalari, alkateak gogorarazi duenez. Epea bihar agortzen zen.
Martxoaren 8ko akordioa bertan behera uztea eskatu zuen Salgueirok. Arabara batzeko eskaera Diputatuen Kongresura eramateko prozedura hasi zuen Trebiñuk.
Prozedura bideratzeko Lege Organiko bat erabili behar dutela gogorarazi du Argotek. Probintzien berregituraketarako aukera ematen duen arau bat da. Ondorioz, Trebiñuk Burgosetik ateratzeko aukera izango luke.
Gobernuko ordezkariaren eskakizuna atzera bota du Udalak, Trebiñuren etorkizunaren eztabaida Kongresura heltzea eskatuta, legerik “urratzen ez” duelako.
Arabarekin sinatutako hitzarmen eta akordioen informazioa
Arabarekin sinatutako akordio eta hitzarmenen inguruko informazioa, ostera, Gobernuaren Ordezkaritzari bidaltzea aho batez onartu du Udalbatzak.
Nahiz eta Gaztela eta Leonen Exekutiboko edo Burgoseko Diputazioaren eskumenak izan, Eusko Jaurlaritzak edo Arabako Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuei erreferentzia egiten zaie agirietan.
Argotek gogorarazi duenez, besteak beste, Foru Aldundiaren, Trebiñuko Konderriaren eta Argantzunen artean sinatutako akordio markoa, 2001ean, osasun, hezkuntza eta garraio zerbitzuak eskaintzeko.
“Ezer ezkutatzeko asmorik ez dugu”, esan du Trebiñuko alkateak. Horregatik, Udalak informazio guztia igorriko duela baieztatu du.
Hori bai, Gaztela eta Leonen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen orokor bat beharrezkoa dela errepikatu du Argotek, zerbitzuen eskumena zehazteko.
Akordio bat ixteko azken eguna ekainaren 28a izango da, Cesar Rico Burgoseko Diputazioaren presidenteari atzo jakinarazi bezala.
Udalbatzaren akordioak “legez kanpokoak” direla adierazi du Burgoseko Diputazioak
Trebiñuko Udalak onartutako ebazpenak “legez kanpokoak” direla esan du Ricok. Horregatik, Espainiako Gobernuak eta Gaztela eta Leongo Exekutiboak berriro helegitea aurkeztuko dietela uste du.
“Ohartarazpen gehiago egiterik” ez dagoela azpimarratu du gaur Burgoseko Diputazioaren presidenteak, aste honetan Konderria bisitatu ondoren.