Politika -
Memoria historikoa
Santurtzik urrezko domina kendu dio Francori
1971eko abenduaren 4an adostutako akordioa atzera bota dute Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek. Udalbatzak diktadoreari urrezko domina ematea adostu zuen orduan.
Agentziak | Erredakzioa
1971ean Santurtziko Udalak Francisco Francori urrezko domina ematea adostu zuen. Udalbatzak domina kentzea adostu du gaur aho batez. Era berean, diktadurarekin lotutako beste pertsona batzuk aintzat hartzeko beste hiru akordio bertan behera utzi ditu Udalak.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, Alkatetzaren proposamena onartu du Udalbatzak gaur. Honenbestez, diktadurarekin lotutako pertsonak herriko kutun izendatzeko eta dominak banatzeko akordioak bertan behera utzi ditu Udalak.
1971eko abenduaren 4an adostutako akordioa atzera bota dute Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek (EAJ, Si se Puede, EH Bildu, PSE-EE eta PP). Udalbatzak Francisco Franco Bahamonderi urrezko domina ematea adostu zuen orduan.
Gainera, 1962ko abuztuaren 27an Jorge Vigon militarrari urrezko domina ematea adostu zuen Santurtziko Udalak. Vigonek Herri Lan Ministerioa zuzendu zuen 1957tik 1967ra.