Politika -
2010eko udalbatza
Bi zigortu Elorrioko PSEren zinegotzi bati mehatxu egiteagatik
Auzitegi Gorenak Rita Ugarriza eta Josu Herrero zigortu ditu, Carmen Muñoz larri iraintzeagatik, Udalbatza ustezko torturen inguruko mozioa eztabaidatzen ari zenean, 2010eko martxoaren 11n.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Rita Ugarriza eta Josu Herrero ezker abertzaleko jarraitzaileak zigortu ditu, Carmen Muñoz Larrinaga Elorrioko (Bizkaia) PSE-EEren zinegotzia mehatxatzeagatik eta larri iraintzeagatik, Udalbatza ustezko torturen inguruko mozioa eztabaidatzen ari zenean, 2010eko martxoaren 11n.
Hala ere, “atentatua” egin ez dutela ebatzi du Gorenak, nahiz eta akusazio partikularrak hala eskatu.
Horrela, Bizkaiko Lurralde-auzitegiak 2015eko ekainaren 9an igorritako sententzia atzera bota du Gorenak. Niko Moreno (ANV) Elorrioko alkatea ohia erruztatuen aulkian eseri zuten auzi berdinean “konplizitatea” egotzita, baina absolbitu zuten.
Zortzi hilabeteko espetxe-zigorra eta 2.480 euroko isuna, hurrenez hurren
Morenoren absoluzioari ez zioten helegitea aurkeztu, baina bai Ugarriza eta Herrrerorenari. Orain biak zigortu dituzte, lehenak zortzi urteko kartzela-zigorra jaso du mehatxu delitu batengatik, PSEko zinegotziari hurrengoa esateagatik: “Kontuz, kanpoan ikusiko gara eta”.
Bestalde, bigarrenari 2.480 euroko isuna ezarri diote Muñoz larri iraintzeagatik. Jon Antza ETAko kidearen gorpua Tolosako gorputegi batean agertu zen, eta “Espainiako Estatuak hil” zuela esan zion zinegotziari. “Eta zu Espainiako Estatuaren ordezkaria bazara, zu ere hiltzaile bat zara orduan”, adierazi zuen.
Horrela, Gorenak Fiskaltzaren helegitea onartu eta Bizkaiko Lurralde-auzitegiaren epaia atzera bota du. Bizkaiko epaitegiak bi pertsona horiek absolbitu zituen.