Politika -
Auzitegi Nazionala
Argentina, ETA gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzeko bidean
Laguntza eskatu du ETAren eta HBren aurka jotzeko, Dignidad y Justicia biktimen elkarteak 2015ean jarritako salaketa baten ondoren.
agentziak | erredakzioa
Argentinako epaile batek laguntza juridikoa eskatu dio Espainiari, Auzitegi Nazionalari hain zuzen ere, ETA eta Herri Batasunari lotutako pertsonak gizateriaren kontrako krimenengatik epaitzeko, jurisdikzio unibertsalean oinarrituta.
Rodolfo Canicoba Corral Argentinako Kriminal Epaitegi Nazionaleko epaileak nazioarteko eskaera bat egin du, 2015eko irailaren 21ean Dignidad y Justicia biktimen elkarteak 41 pertsonaren kontra sartu zuen salaketaren harira, auzi bat aurrera daramala jakinarazteko.
Argentinak eta Espainiako Estatuak duten estradizio eta laguntza juridiko ituna dela eta, Auzitegi Nazionalari eskaera egiten diola jakinarazi du.
Epaile argentinarrak azaldu duenez, Dignidad y Justiziak aurkeztutako kereilaren helburua “379 biktima espainiar utzi zituzten gertakarien arduradunak ikertzea eta epaitzea” da, “hilketak eta gizateriaren aurkako sarraskiak” jasan dituztelako, eta “377 zigorrik gabe” geratu direlako.
Hain zuzen, Jose Luis Caso eta Manuel Zamarreño PPko zinegotzien hilketak ikertzeko eskatzen du. Izan ere, salaketan agertzen denez, “biak mehatxatu zituzten euskal komunitatetik kanporatzeko, eta hil egin zituzten uko egiteagatik”.
Gaineratu duenez, “hori zen ETAren jazarpen politika, bereziki ETAri lotutako HB alderdi politikoko Mahai Nazionalak 1994an Oldartzen txostena onartu ostean ezarri zuen sufrimenduaren sozializazio estrategiaren ondorio, eta horrek gizateriaren aurkako delitu izaera ematen dio”.
Epailea argentinarraren arabera, Espainiako auzitegiek “onartu egiten dute ETAri egotzitako krimenek izaera hori dutela”, baina “ez dituzte jazarri nahi 2004ko urriaren 1a baino lehenagokoak, orduan jarri baitziren indarrean Espainiako Zigor Kodean gizateriaren aurkako delitu bereziak”.
Argentinako epaileak aipatu gertakariak ikertu ote dituzten jakinarazteko eta, erantzuna baiezkoa balitz, egindakoaren kopiak bidaltzeko eskatu du.
Ikerketarik egin ez badute, arrazoia eta dokumentu guztiak helarazteko ere eskatu du epaileak.
Gainera, “ETAko kideek egindako delituen jazarpen kriminalerako politikarik” egin den galdetu du.
Era berean, “ETAk egindako delituen biktimen konponketarako politikarik ezarri ote den” galdetu du.