Politika -
37. URTEURRENA
Gladys del Estal ekologistari omenaldia egin diote Donostian
Guardia Zibilak hil zuen tiroz 1979ko ekainaren 3an, energia nuklearraren kontra Tuteran antolatutako manifestazio batean parte hartzen ari zela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eguzki talde ekologistak omenaldia egin dio gaur Gladys del Estal ekologista zenari Donostiako Cristina Enea parkean. Guardia Zibilak tiroz hil zuen ekologista donostiarra 1979ko ekainaren 3an, energia nuklearraren kontra Tuteran antolatutako manifestazio batean parte hartzen ari zela.
Ehunka lagun batu dira eguerdian Gladys del Estalen omenezko monolitoaren aurrean eta lore eskaintza egin diote. Halaber, aurreskua dantzatu dute monolitoaren aurrean eta Gladys del Estal gogoan hainbat ere kanta abestu dituzte, talde ekologistak ohar bidez azaldu duenez.
Talde ekologistaren esanetan, ezin da ahaztu Gladys del Estalekin egindako "bidegabekeria" zigorrik gabe gelditu zela. Halaber, Eguzkik nabarmendu du Gladys del Estal 1979ko Tuterako manifestazioan egotera eraman zuten arrazoiak oraindik ere indarrean daudela.