Politika -
Proiektu turistikoa
Ayerdi: 'Aroztegiari buruzko galdeketak ez du ondoriorik izan behar'
Igandean, Baztanen egindako galdeketan parte-hartzea % 27koa izan zen. Foru Gobernuaren ustez, parte-hartze horrekin galdeketak ez du ondoriorik izan behar.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
Igandean, Aroztegia proiektu turistikoaren inguruko galdeketa egin zuten Baztanen. Botoa emateko eskubidea zuten herritarren % 27k parte hartu zuten, eta horietatik 10etik 8k kontra bozkatu zuten.
Aroztegiako proiektuak aurrera egiten badu, luxuzko hotela, golf zelaia eta 232 etxebizitza eraikiko dituzte Baztanen, Lekarozen.
Galdeketa izan eta biharamunean beste balorazio bat egin dute Geroa Baik eta EH Bilduk. Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordearen hitzetan, parte-hartzea txikia izan da eta, ondorioz, galdeketako emaitzak ez du ondoriorik izan behar proiektuan. Aitzitik, Adolfo Araiz EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak esan duenez, Foru Gobernuak ezin dio entzungor egin baztandarrek galdeketan adierazi dutenari.
Nolanahi ere, oraingoz aurrera jarraitzen du Aroztegia proiektuak, eta urte amaieran hasiko dituzte lanak.