Politika -
Auzitegi Nazionala
Aske utzi dituzte asteazkenean atxilotutako ATAko kideak
Laurek uko egin diote epailearen aurrean deklaratzeari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak asteazkenean atxilotutako Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko (ATA izenarekin ere ezaguna da) lau kideak aske geratu dira gaur, epaileak aginduta.
Martxoaren 29an, Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak deklaratzera deitu zituen, Bilbon 2015eko abuztuan ATAk egindako manifestazio batean terrorismoa goratzea egotzita.
Ez ziren deklaratzera joan, eta beren asmoa aurretik azaldu zuten hedabideen aurrean. Andreu epaileak gaurko deitu ditu berriro, eta deklaratzera joango direla bermatzeko eman omen zuen, atzo, horiek atxilotzeko agindua.
Sortuk atxiloketak salatu zituen, eta Espainiako Gobernuak "konponbidearen aldeko urratsen garaian, bitarteko zaharrekin" erantzuten jarraitzen duela esan zuen.