Politika -
Grabazioen eskandalua
'Arrazoi politikoengatik' ikertu ote zuten jakin nahi du Forcadellek
Ser irratiaren arabera, 2013ko amaieran, txosten bat egiteko Poliziak bera, senarra, bi seme-alabak eta bi anai-arrebak jarraitu zituen.
Agentziak | Erredakzioa
Poliziak bera eta familia “arrazoi politikoengatik bakarrik” jarraitu ote zituen argitzeko eskatu die gaur Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari eta Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari.
Daniel de Alfonso Iruzurraren aurkako Kataluniako Bulegoaren zuzendariak Parlamentuan agerraldia egin baino lehen, Forcadellek prentsaurrekoa eman du; izan ere, Ser irratiak jakinarazi duenez, Barne Ministerioak mugimendu independentistak kriminalizatzeko, txostenak egiteko erabili zuen Polizia.
Konkretuki, irratiaren arabera, 2013ko amaieran, Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) presidentea zenean, Poliziak Forcadell, haren senarra, bi seme-alabak eta bi anai-arrebak jarraitu zituen, txosten bat egiteko.
“Kasu oso larria”
Forcadellen hitzetan, “txostenak benetakoak” direla baieztatzen baldin bada, “kasu oso larria” izango litzateke, “demokraziaren, askatasun demokratikoen eta zuzenbide-estatuaren aurkako erasoa”. Fernandez Diazek eta Rajoyk “dimisioa eman beharko lukete”, erantsi duenez.
Hasteko, Forcadellek “azalpenak” eskatu dizkie biei. “Estatuko segurtasun indarrak pertsonak eta haien familiak arrazoi politikoengatik bakarrik jarraitzen” ote zituzten argitzeko eskatu die.
“Bihar, nor izango da?"
“Txosten horiek existitzen diren, nork eskatu zituen, nork egin zituen eta erantzukizunak onartuko dituzten jakin nahi dut”, adierazi du. “Ikertua” izan dela badakiela gaineratu du Forcadellek. “Atzo batzuk izan ginen; gaur, beste batzuk; bihar, nor izango da?”, salatu du.
“Intimitate eskubidea bermatu behar dutenek urratzen baldin badute, nola fidatu daitezke herritarrak”, galdetu du Forcadellek.