Politika -
Nafarroa
PSNren iritziz, 'Rajoyri dagokio' Gobernua osatzen saiatzea
Maria Chivite PSN-PSOEko idazkari nagusiaren esanetan, PSOE oposizioan egon beharko litzateke; jarrera "zorrotza, kritikoa, konstruktiboa eta proposamenak egitearen aldekoa" behar du bere alderdiak.
Agentziak | Erredakzioa
PSN-PSOEko zuzendaritzaren iritziz, eta ekainaren 26ko hauteskunde orokorren emaitzak aztertuta, "Mariano Rajoyri dagokio Gobernua osatzen saiatzea"; izan ere, Rajoyren alderdiak, PPk, gainerako alderdiek baino boto gehiago erdietsi ditu.
"Gu oposizioan egon beharko ginateke, eta gure jarrera zorrotza, kritikoa, konstruktiboa eta proposamenak egitearen aldekoa" izan beharko luke; hala, "herritarrei erakutsiko genieke alternatiba garela, eta euren babesa bermatuko genuke, Espainian berriro agintzeko eta herrialde hau modernizatzeko", esan du larunbat honetan Maria Chivite PSN-PSOEko idazkari nagusiak.
PSN-PSOEren Eskualde Batzordeko saio ezohikoari hasiera eman dion diskurtsoan, Iruñean, Chivitek aztertu ditu hauteskunde orokorretako emaitzak, eta esan du ez direla gogobetekoak PSOErentzat; izan ere, ez dute lortu Gobernua zuzentzeko adinako babesik.
Hausnarketa serio eta lasaia
"Nire iritziz, oposiziora joan beharko ginateke, eta gure proiektuaren gaineko hausnarketa serio eta lasaia egin beharko genuke; gogoeta egin beharko genuke, erabakitzeko zein bide nahi dugun hartu, eta eztabaidatzeko beharrezkoa dugun modernizazioaren gainean eta alderdi sozialista bezala behar dugun bultzada ideologikoaz", esan du.
Chivitek uste duenez, PSOE "inoiz baino bateratuago" egon beharko litzateke, proiektua sendotu eta hobetzeko, eta etorkizunari Gobernuan berriro egoteko aukerekin aurre egiteko: "Asko dugu egiteko, eta batasunetik egin behar dugu, jarraitzaileen parte-hartzetik, eta gizartearen eskutik", gehitu du.