Politika -
Konstituzionalaren epaia
Kataluniako Gobernuak 'irmo' jarraitzen du Estatuko bere egiturekin
Neus Munte Generalitateko bozeramaileak txikiagotu du Auzitegi Konstituzionalaren epaiak praktikan izango duen eragina.
Agentziak | Erredakzioa
Neus Munte Presidentetzaren kontseilari eta bozeramaileak adierazi duenez, Kataluniako Gobernuak "irmo" jarraitzen du Estatuko bere egiturak eraikitzen; halaber, Muntek txikiagotu du Konstituzionalaren epaiak praktikan izango duen eragina.
Konstituzionalak baliogabetu du, aho batez, Kataluniako Zerga Agentzia eta Kataluniako Parlamentuak adostutako hainbat Estatu-egitura; beste erakunde batzuk, aldiz, onartu ditu, baldintzekin bada ere, hala nola Babes Sozialerako Agentzia.
Generalitateko Jauregian emandako prentsaurrekoan, Muntek esan du, dena den, epaiak izango duen eragina, egunerokoan, "minimoa" da.
Ibilbide-orria, bere horretan
Muntek nabarmendu duenez, Kataluniako Gobernuak ez du aldatuko 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetatik ondorioztatu zen ibilbide-orria: "Gure konpromisoa irmoa da: Estatu-egiturak eraikitzen jarraituko dugu; funtsa eta aukera ikusten ditugu egiteko, eta ez dago ezer legez kanpo".
Muntek azaldu du Kataluniako Zerga Agentziak indarrean jarraituko duela; izan ere, Kataluniako Estatutuak aitortzen du. Hain zuzen, kontseilariaren arabera, Konstituzionalak baliogabetu du Agentziaren plan zuzendaria, plangintza egiteko tresna zena, baina ez erakundea bera.
Meteorologia zerbitzuari dagokionez, Generalitatek uste du bakarrik baliogabetu dutela aire-nabigazioari buruzko atala.
Muntek, aldiz, nabarmendu du epaiak babesten duela Babes Sozialerako Agentzia; hortaz, Gobernuak uste du egitura horrek normaltasunez jarraitu ahal izango duela tramitazio parlamentarioa.
Hala, beste alderdi batzuen iritziak gorabehera, Muntek lasaitasuneko mezua zabaldu du, eta azpimarratu du Kataluniako Gobernuak “tinko” jarraituko duela lanean irailaren 27ko agindua betetzeko.