Politika -
World Cities Summit Mayors
Aburtok Bilboren erronkak azalduko ditu Alkateen Singapurreko Foroan
Bilboko alkateak Munduko Alkateen eta Hirien Foroan parte hartuko duten hiriekin eta alkateekin esperientziak partekatuko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea uztailaren 10etik 14era bitartean Singapurren egiten ari diren Munduko Alkateen eta Hirien Foroan (World Cities Summit Mayors Forum) parte hartzen ari da. Gaur, astelehena, hirien eraldaketan aitortzen dituen Lee Kuan Yew saria jaso izan duten beste hiri batzuekin, New Yorkekin, Txinako Suzhourekin eta Kolonbiako Medellinekin esperientziak partekatuko ditu.
Munduko Alkateen eta Hirien Foroan parte hartzen ari diren 110 alkatek ebazpen bat sinatu dute eta bertan hainbat gomendio egin dizkiote Habitat 3 Agendari, urrian Quiton egingo den foroari. Egindako gomendioen artean daude, besteak beste, bizi-kalitate maila altuko, ingurumen osasuntsuko eta ekonomia inklusiboko hiriak sortzeko.
Bilboko ordezkaritzak Munduko Alkateen eta Hirien Foroan egingo diren ponentziatan parte hartuko dute eta gainera, Foroaren baitan antolatu den erakusketan erakusmahai bat izango du Bilbok, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Aburtok Bilbo hiriaren erronkak aurkeztu zituen iragan astean Munduko Alkateen eta Hirien Foroko lehendabiziko egunean eta gainera epe motzean hiriak dituen lehentasunak adierazi zituen. Bilboko alkateak azpimarratu zuenez, etorkizun horretako "giltzarri" izango dira jarduera publikoaren eta pribatuaren arteko aliantza, hiritarren parte hartzea, gardentasuna eta kudeaketa ona.