Politika -
Donostian
Jose Ramon Recalde sailburu sozialista izandakoa hil da 85 urterekin
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako eta Justiziako sailburu lanak bete zituen, eta ETAren atentatu baten biktima izan zen 2000. urteko irailaren 14an.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Ramon Recalde Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Justizia sailburu izandakoa Donostian hil da igande honetan 85 urte zituela, PSE-EEko alderdiko iturriek baieztatu dutenez.
Donostiako osasun-etxe batean zendu da, biriketako enbolia baten eraginez bertan baitzegoen ospitaleratuta, familiak zehaztu duenez.
Recalde Gipuzkoako hiriburuan jaio zen 1930ean, eta Hezkuntza sailburua izan zen Ardanzaren Gobernuan 1987 eta 1991 urteen artean eta, ondoren, Justizia sailburu-lanak egin zituen 1991 eta 1995 urteen artean.
Recaldek ETAren atentatu bat jasan zuen 2000. urteko irailaren 14an, Igeldo auzoan bere autotik jaisten ari zela ETAkide batek buruan tiro egin zionean. Erasoaren ondorioz, sailburu ohiak zauriak izan zituen ahoan.
Recalde Zuzenbide lizentziaduna zen Valladolideko Unibertsitatean, doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean eta Teoria eta Sistema Juridikoen katedraduna Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, eta irakaskuntza munduan jarduera handia egin zuen.
Maria Teresa bere emaztearekin eta Ignacio Latierrorekin batera Lagun liburu-denda ireki zuen, eta hainbat eraso jasan zituen.
Liburu ugari idatzi zituen, besteak beste, La Construcción de la Naciones (1982) eta Crisis y descomposición de la política (1995).
Aldi berean, hainbat alditan aintzatetsi zioten giza-eskubideen alde egin zuen jarduna, eta, beste batzuen artean, Comaposada eta Campalans fundazioek ematen duten "Maiatzak 1" saria jaso zuen.
Sailburu ohiaren gorpuzkia Donostiako Zorroaga beilatokira eraman dituzte.
Erreakzioak
Ohar baten bidez euskal sozialistek duten "min sakona" adierazi dute, eta besarkada handia bidali diote bere senitartekoei. "Askatasunaren aldeko bere konpromisoa guztiontzat eredugarria den duintasunez eraman duen sozialista batek utzi gaitu gaur" azaldu du ohar horretan Idoia Mendia PSE-EE alderdiko idazkari nagusiak. "Beti jarri zituen aurretik bere printzipioak, bere bizitza arriskuan jarri zuten mehatxuen aurrean men egin gabe".
Eusko Jaurlaritzak ere ohar bat plazaratu du, eta beraren bidez doluminak igorri dizkio Recalderen familiartekoei, baita bere alderdiko kideei ere. Aldi berean, bere ibilbide pertsonala eta profesionala nabarmendu ditu "balio demokratikoekin eta askatasunarekin konpromisoa erakutsi duen gizona izan da Jose Ramon Recalde, bai frankismo garaian, bai demokrazia iritsi ondoren ere".
Bere aldetik, Iñigo Urkullu lehendakariak bere "tristura" agertu du gaur. Berari buruz pertsona "eredugarria" zela azaldu du. Twitter bidez argitaratu dituen bi mezutan senideei elkartasuna adierazi die.