Politika -

XII. Legegintzaldia

Asteartean ekingo dio erregeak bilera-sortari

Nueva Canariasekin hasiko da, uztailaren 26an, eta ostegunean amaitu. Duela sei hilabete bezala, EH Bildu eta ERC ez dira batzarretara joango.

Erregeak atzo hartu zuen Kongresuko presidente berria. EFE
Felipe VI.a eta Ana Pastor. EFE
Erregeak atzo hartu zuen Kongresuko presidente berria. EFE

aGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe VI.a Espainiako erregeak asteartean ekingo dio hasiera Kongresuan ordezkaritza duten indar politikoekin egingo duen bilera-sortari. Hain zuzen, Nueva Canariaseko Pedro Quevedo diputatuarekin hasiko da, eta ostegunean amaituko ditu bilerak: arratsaldeko bostetan, Mariano Rajoy PPko liderra hartuko du, Zarzuela jauregian.

Parlamentu-iturrien arabera, Felipe VI.ak parte-hartzea onartu duten 14 ordezkari politiko hiru egunetan jasoko ditu. Egunero bost bilera izango ditu, ostegunean izan ezik; aipatu egun horretan, lau ordezkarirekin batzartuko da, alegia, boto gehiago jaso dituzten liderrekin: Ciudadanos, Podemos, PSOE eta PPkoekin.

Espainiako Erregeak asteartean Pedro Quevedo (NC), Isidro Martinez Oblanca (Foro), Ana Oramas (CC), Javier Esparza (UPN) eta Alberto Garzon (IU) hartuko ditu.

Asteazkenean, honako ordezkari hauek joango dira Zarzuelara: Aitor Esteban (EAJ), Alexandra Fernandez (En Marea), Francesc Homs (CDC), Joan Baldovi (Compromis) eta Xavier Domenech (En Comu Podem).

Ostegunean, Ciudadanos, Podemos, PSOE eta PP

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak ostegunean du hitzordua, 10:30ean; 11:30ean, Pablo Iglesiasekin bilduko da Felipe VI.a. Pedro Sanchez PSOEko liderra 12:30ean joango da Zarzuelara.

Azkenik, osteguneko 17:00etan, Mariano Rajoy PPko lider eta jarduneko presidenteak izango du hitzordua Espainiako erregearekin.

EH Bilduk ez du parte hartuko, ez eta ERCk

Aurreko legealdiko hiru bilera-sortatan gertatu zenez, ERCk eta EH Bilduk erabaki dute ez parte hartzea, eta ez dira bilduko Felipe VI.arekin.

Rajoyrekin bildu ostean, Felipe VI.ak Ana Pastor Kongresuko presidenteari deituko dio, kontsulten emaitzen berri emateko; xedea da inbestidura-saioa prestatzea.

Rajoyk berretsi du Gobernua osatzen saiatuko dela, eta inbestidura-saioari aurre egin nahi diola; aurreikusten duenez, abuztuaren 2an has liteke saio hori, eta lehen botazioa biharamunean egingo lukete; gehiengo osoa lortuko ez balu, abuztuaren 5ean emango lukete botoa bigarren aldiz.

Inbestidura lortzeko aukera duela ez balu ikusiko, dena den, PPko liderrak esan du hausnarketa-epea irekiko lukeela, indar politikoek azter dezaten egoera nola gainditu. Berak gobernatzeko asmoa duela kontuan izan beharko lukete gainerakoek; izan ere, bigarren indar politikoak baino 52 eserleku gehiago erdietsi zituen ekainaren 26an.

62. artikuluan, Konstituzioak dio erregearen ardura dela "Gobernuko presidentea izateko hautagaia aurkeztea, eta, beharko balitz, izendatzea"; 99. artikuluaren arabera, proposamen hori "alderdi politikoekin kontsulta egin ostean, eta Kongresuko presidentearen bidez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa EAJ-PNV Albisteak PSOE Albisteak Alderdi Popularra Mariano Rajoy Espainiako Felipe VI.a Pablo Iglesias Alderdi politikoak albisteak Pedro Sánchez