Politika -
Ertzaintza
Gatazka instituzional larriagoa ekiditeko eskatu dio Urkulluk Rajoyri
Bestalde, lehendakariak babestu egin du Iñigo Cabacas Memoriaren Erretratuetan agertzea eta Ertzaintzak ere autokritika egin behar duela esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak Ertzaintzako promozioen kontrako helegiteen auzian “esku hartzeko” eta “erakundeen arteko gatazka larriagoa” ekiditeko exijitu dio Mariano Rajoyri.
Ertzaintzaren 25. Promozioko 254 agente berriek euren diplomak jasotzeko ekitaldian egin ditu adierazpenok Iñigo Urkulluk.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du promozio hori, Estatuko Abokatuak jarritako helegitea onartuta. Baina Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du eta epaia irmoa izan arte promozioa indarrean egongo da.
Espainiako Gobernua, helegiteen bidez, “euskal autogobernua erasotzen” ari dela salatu du lehendakariak.
“Espainiako Gobernuko presidenteari zuzenean eskatzen diot ez dadila errekurtso judizialen atzean ezkutatu. Auzi honetan esku hartu behar du, erabaki zentzugabe eta ulergaitz honek erakundeen arteko gatazka larriago bat ekar ez dezan. Bere eskuetan dago egoera konpontzea”, azpimarratu du.
Iñigo Cabacas
Bestalde, Urkulluk adierazi du berak “bultzatu eta babestu” duela Iñigo Cabacas 'Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuen' agertzea. Athleticeko jarraitzailea Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eragindako zaurien ondorio hil zen.
“Terrorismoaren mehatxua eta jazarpenagatik”, Ertzaintzak asko sufritu duela aitortu du lehendakariak, baina, aldi berean, Polizia autonomikoak “iraganaz autokritika” egin behar duela eta Iñigo Cabacasena bezalako heriotzak ezin direla errepikatu eta ez direla ahaztu behar defendatu du.